IRRATIA
Elkarrizketa
Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria

«Hezkuntza sistema berri eta eraldatzaile bat nahi badugu, batu gaitezen»

Euskal hezkuntza sistema berri bat eraikitzeko adostasuna aldarrikatu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak. EAEko lege berriaren inguruko eztabaida beroaren aurrean, «batzen gaituenari erreparatu behar diogu», esan du NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan.

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko presidentea (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


EAEko Hezkuntza Lege berria osatzeko prozesuan diskurtso eraikitzailea plazaratu du Ikastolen Elkarteak, «benetan euskal hezkuntza sistema berri, ezberdin eta eraldatzaile batean sinesten badugu, batu gaitezen guztiok, har dezagun esperientzia ezberdinetatik bakoitzaren onena». Aldaketa ezinbestekoa da Koldo Tellitu presidentearen esanetan, indarrean den legeak ez duelako «sistema osoa arautzen». Ondorioz, «ezin dugu jarraitu egungo marko juridikoarekin, ezinbestekoa da lege berri bat», aldarrikatu du. Eskaera hau plazaratuz Ikastolen Elkarteak barnebiltzen dituen 113 ordezkariek agerraldia eskeini berri dute, Euskal Herri osoko ordezkariekin, noski. Hain justu, eztabaidagai den lege berria Euskal Autonomia Erkidegoko legea izango den arren, Ikastolek adierazi dute «Euskal Herri osora» begira daudela eta legea ere «hein batean» behintzat hala egotea espero dutela.

Batasun deiaren aurrean, ordea, hainbatek lege berririk ez dutela nahi baieztatu du Tellituk, «ez hau, ez beste bat». Baina Ikastolek bai, ezinbestekotzat dute «marko juridiko» berri bat. «Egungo legeak hezkuntza sistema erdia arautzen du eta beste erdia arautu gabe gaude, batzuk askoz lasaiago daude, ez bada lege berria ateratzen ez dute arazorik, baina guk uste dugu ezinbestekoa dela», adierazi du Tellituk.

Lurraldetasunari dagokionean, Ikastolen Elkarteak aldarrikatzen du lege berrian «Euskal Herri osora begirako hainbat kapitulu» egotea. Tellituren esanetan egingarri da, horren isla, Euskal Herriko Unibertsitatea arautzen duen legean badaudela hainbat artikulu «harreman eta lankidetza» esparruetan. Hala, erkidegora begira baina «Euskal Herria inoiz ahaztu gabe» ari da lanean elkartea, «jakinda korapilatsua izango dela guk asmeten dugun sistema nazional hori garatzea», baina legea norabide horretan urrats bat izatearen intentzioarekin.

Baldintzak eta betebeharrak, «apustu sakon bat»

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa da legeari muina emango diona eta kasik eragile guztiak bat datoz publiko-pribatu dikotomia gainditzeko beharrean, baina alde bakoitzak interpretazio ezberdina du. Telliturentzat gakoa baldintzak eta betebeharrak dira. Jada zerrendatuak daude eta baldintzak «sakonak eta zehatzak» dira bere esanetan, oharataraziz gaur gaurkoz «administrazioaren menpeko zentro askok» ez dituztela betetzen, beraz, «apustu sakon bat» da guztientzat, bere esanetan.

Segregazioari aurre egiteko beharra da eztabaidan ageri den elementu nagusienetako bat eta Ikastolei beste alde batera begiratzea egotzi izan zaie. «Agian duela lau edo bost urte egia izan zitekeen», dio Tellituk baina gauzak egun batetik bestera aldatzen ez direla gogoraraziz, une honetan egoera bestelakoa dela baieztatu du, «Ikastola batzutan atzerriko jatorria duten 100 ikasle baino gehiago daude». Afera hau «herri apustu bat da guretzat», baieztatu du, «getoak ez sortzeko» Ikastolek konpromezu osoa dutela baieztatuz.

«Finantziazio osoa dagoenean, ikastolak doakoak izango dira»

Hainbat betebehar betetzen dituen ikastetxe orok, berez, eskubidea izango du %100 diru publikoz finantzatua izateko. Tellituren esanetan datorren urtean %30 ingurukoa izango da Ikastolen finantziazio publikoa eta bere esanetan argi dago Lakuako gobernuak «momentuz» ezin duela finantzaketa osoa gazuatu. Baina hala egiten duenean kuotak kentzeko konpromezua dutela baieztatu du.

Hezkuntza akordioan jasota dago ikasle denek DBH bukatzerako B2 maila eduki beharko dutela euskaraz. Arlo honetan Ikastolek «ebaluazio» sistema orokor bat nahi dute eta «hizkuntza ereduen desarpena». Euskal kurriculumaren inguruan ere xehetasun handiagoa nahi dute, «zer den, zertarako eta nola arautuko den».

Ikastolek «autonomia maila handia» dutela gogoratu du Tellituk eta «sistema osoan gure autonomiaren antzeko eredu bat» ezarri beharko litzatekeela uste du, «Europa osoan oso zabalduta dagoen sistema».

Lakuako gobernuaren asmoa legea gabonen bueltarako osatuta izatea da, baina maiatzeko hauteskundeak haintzat hartuz, Tellituk uste du datorren urteko «udazkenean» landuko dela egitasmoa parlamentuan.