IRRATIA

«Ez da erraza jendeari proiektu batean lan egiteko eskaintza duina egitea»

ZINEBI zine dokumental eta film laburren nazioarteko jaialdiko sekzio ofizialean parte hartu du Ainhoa Olaso eta Enara Garcia gazteen lehen film labur profesionalak. ‘Hemen bizi da maitasuna’ laburmetraiak ama eta alaba baten arteko harreman gatazkatsua kontatzen du.

‘Hemen bizi da maitasuna’ filmeko protagonistak. (ZINEBI)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Sail ofizialean lehian aritu ziren Ainhoa Olaso (Durango, 1996) eta Enara Garciaren (Leioa, 1996) ‘Hemen bizi da maitasuna’ film laburra. Haien lehen lan profesionala izan da eta ilusio handia izan da haientzat ZINEBIn parte hartu izana. 

‘Hemen bizi da maitasuna’ laburmetraia bi gazteren lehen film labur profesionala da. Filmeko protagonista ere, neska gazte bat da. Eta ez da kasualitatea. Matixa gurasoenean bizi den gaztea da. Etxean gustura ez, eta bertatik alde egitea erabakitzen du, askatasun bila. Ama eta alabaren arteko harremana lantzen du filmak. 

Gazte gisa bizi dituzten esperientzietatik jo dute autoreek, baina amatasunaren eta alabatasunaren gaiak ere landu nahi izan dituzte intentzionalitate zehatz batekin. Modu gordinean landu dituzte gaiak, eta hausnarrarazi nahi izan diote publikoari. Gogortasun horren azpimarratzea bueltan jaso dute laburmetraia ikusi dutenengandik.

Hainbat programa eta dirulaguntzari esker ondu dute proiektua; besteak beste, ‘Durango, sortzaileen leku’ beka. Kimuak katalogoan bildu izanak bultzada handia eman diela gaineratu dute zuzendariek. Nahiz eta kasu honetan laguntza eta zortea izan dutela aitortu, euskal zinemagintzan ateak irekitzea lan zaila dela azaldu dute.