IRRATIA

«Euskaraz egiteagatik konfrontazioa egon daitekeen tokietan saihestu egiten da»

Martxan da Gaztealdiaren bigarren edizioa. Gazte Euskaltzaleen Sareak gazte euskaltzale guztiei dei egin die euskarari loturiko bizipenak zein hausnarketak sareratzeko #EuskarazBizikoGara traolaren bitartez. Ekimenaren berri eman dute NAIZ irratian sareko Maialen Arteaga eta Beñat Jusuek. 

Gazte Euskaltzaleen Sareak Donostian antolaturiko manifestazioa. (Aritz Loiola | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Bigarren aldiz antolatu du Gazte Euskaltzaleen Sareak Gaztealdia. Gazteei dei egin die euskal hizkuntzaren baitako salaketa eta aldarrikapenak zabaltzera.

Iaz, zortzi egunetan hainbat gaztek uneoro euskaraz jarduteko hautua egin zuten, erabakiaren «mugak» azalerazteko. Maialen Arteaga izan zen parte-hartzaileetako bat eta ezintasunak topatu zituen administrazio publikoaren harretan edota garraio publikoan. «Nire kasuan, unibertsitatera joatean edo Bilbora mugitzean gaztelerara pasatu behar nintzen bai ala bai», zehaztu du.

Gazteen euskara erabileraz, Beñat Jusuek dio erabakia gune erosoetara mugatzen dela. «Eroso zaudenean, euskaraz egiten duzu baina konfrontazioa egon daitekeen tokietan, saihestu egiten da eta hautua baztertu egiten da». Maialen Arteagak erantsi du «arduragabekeria» dagoela euskararen baitan lehenago abiatu ziren borrokak ez baliatzeagatik.

Egin beharreko lanetan, Gazte Euskaltzaleen Sarearen proposamena da euskararen aurkako erasoaren karga banaketa edo elkarrizketa elebidunak. «Feminismotik ikasi behar dugu. Erasoa beste puntan gertatu arren, zapaldu guztiek hartzen dute bere gain».

Maialen Arteagak euskararen aldeko hautu pertsonalak garatzeko hizkuntza politika zein sustengu kolektiboaren beharra nabarmendu du. «Oinarri sendo bat behar dugu, bestela oso zaila da arazo estruktural bati modu indibidual batean aurre egitea».