Mattin Aiestaran: «Jendarte askeak sortzeko iragana zientifikoki ikertu behar da»
Korrika Iruñera iritsi zen egun berean berretsi zuten «Irulegiko eskuak» baskoiera zuela oinarri. Mattin Aiestaran Aranzadiko arkeologoak «gu ere ari gara bultzaka» pentsatu zuen. Aurkikuntza garrantzitsu honetaz aritu zen atzo Naiz Irratian, Blanca Urgell eta Iñaki Sotorekin batera.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
2022ko urtarrilaren 18an jakin zuen Mattin Aiestaran Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak Irulegin topatu zuten brontzezko xaflak «zerbait garrantzitsua» zuela. Iruñeko arkeologia biltegian ikusi zituen xaflaren idatziak. «Bertan ikusi genituen, baina ez genituen ulertzen», agertu zuen eskua aurkitu zuten aztarnategiko zuzendariak. Ondorioz, Javier Velaza Filologia Klasikoan katedradunarengana jo zuten. «Piezari autopsia egin zionean, baskoiera zela esan zigun. Lehen hitza ‘sorioneku’ zela, eta bigarren aditu baten babesa behar zuela».
Apirilaren 2an, larunbata, batu zen Joaquin Gorrochategui Hizkuntzalaritza Indoeuroparrean katedraduna. «Diskrezioz» jardun zuten, biltegia itxia zegoelarik. Aiestaranek gogoan du egun hartan Korrikak hiri buruzagia zeharkatu zuela, korrikalariak Sakanatik zetozela bultzaka beren dortsalekin, eta pentsatu zuela: «Gu ere ari gara bultzaka».
NAIZ Irratian aritu da astearte honetan arkeologoa solasean, Blanca Urgell hizkuntzalariarekin eta Iñaki Soto GARAko zuzendariarekin batera, Arangurenen topatutako Kristo aurreko lehen mendeko idatziaz, orain arte baskoieraz izkiriatuta aurkitu den zaharrenaz.
Etengabe aldatzen
Urgellek “Irulegiko eskuaren” hizkuntza, baskoia, eta euskara «bereizteko» eskatu zuen. «Euskara deitu beharko genioke euskara historikoari, gaur bizirik daukagunari. Topaturikoa, berriz, gaztelania eta frantsesa latinetik bezain ezberdina izan daiteke». Ez direla euskara eta honen aurrekariak izan ahal direnak nahasi behar nabarmendu zuen, urteen poderioz hizkuntzek izaten dituzten etengabeko aldaketengatik.
Aurkikuntza aurretiaz ezagutu arren, Sotorentzat aurkezpena «oso berezia» izan zen, eta «pozgarria» izan zen Maria Chivite Nafarroako lehendakaria ere han ikustea, «bere lana ondo egiten».
Itxaropentsu
Indusketaren lehen planean bi etxe eta kale zati txiki bat aztertu dituzte Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Aiestaran itxaropentsu dago, aurrerantzean, bigarren planean, «etxebizitza gehiago» induskatuko dituztelako.
«Ez gaude ohituta halako zeresana sortzera», aitortu zuen, eta historiaren eta iraganaren ikerkuntzaren balioa azpimarratu zuen. «Arkeologook amnesiarekin egiten dugu alderaketa. Amnesia gaitz larria da, menpeko bilakatzen zaituena. Horren antidotoa, jendarte askeak sortzeko, iragana zientifikoki ikertzea da».
«Topatu dugun aztarnategia sekulakoa da. Kristo aurreko lehen mendeko irudi izoztu hori bera ikaragarria da; erromatarrak etorri aurreko baskoien mundu hori erakusten digu eta, beraz, espero genituen aurkikuntza garrantzitsuak, baina halakorik ez», azaldu zuen.
Leire Malkorra pieza aurkitu zuen arkeologoak hala adierazi zuen prentsaurrekoan: «Beste guztiak bezalako egun bat izan zen, kanpainaren hasiera samarrean. Aurreko egunean aurreko urtetik geneukan etxebizitzaren zonalde bat ireki genuen gehixeago eta iritsi ginenean hor hasi ginen. Bageneukan zonalde bat zeramika asko atera zena, kasualitatez bertan tokatu nintzen eta zeramikak industen hasi nintzenean brontzezko pieza zati bat atera zen, txapa bat. Dena definitu ondoren, atera eta lurrarekin eta sedimentu guztiekin poltsan sartu genuen zuzenean. Nafarroako Gobernuko Zaharberritze Sailera eraman genuen. Indusketa bukatu eta bakoitza bere bizia egiten ari ginela Mattinek deitu zidan esanez ea gogoratzen nintzen pieza horretaz. Bai, bai. ‘Ba, Leire, zeozer idatzita dauka’. Hitzik gabe geratu nintzen, malkoa ateratzen zitzaidan begietatik, ezin sinetsi. Nahiz eta denon arteko lan bat izan, ilusio berezia egin dit pieza nik atera izanak».
Esker ona
Aztarnategiko zuzendariak eskerrak eman zizkien bere lantaldeari eta bi tutoreei, Jesus Sesma arkeologoari eta Joxean Mujika Alustiza EHUko irakasleari.
«Zehaztasunerantzat beste pauso bat eman dugu»
«Normalki Irulegiren kronologiako aztarnategietan erabiltzen den industeko metodoak ongi erregistratzen laguntzen du, baina guk zehaztasunerantz beste pauso bat eman dugu. Nire bi tutoreen ibilbide akademikoan, batez ere historiaurreari lotua, metodoa pausatuagoa da, eta erregistroa zehatzagoa, zentimetro batean milaka urte jan ditzakegulako».
Irulegiko aztarnategian, bi metodologia bateratu dituzte, historiaurrean erabiltzen dena eta historian erabiltzen dena, eta erregistro oso zehatz batekin lan egin dute.
Joaquin Gorrochateguik baieztatu zuenez, hipotesi nahiko sendoa da «sorioneku» baskoia euskarazko «zorion»-ekin lotzea. Euskaraz eta euskararen lurraldeaz asko esaten digu aurkikuntza honek. «Printzipioz, baskoiera deituko nukeen hori ez da baskoien hizkuntza, euskaraz behintzat horrela esan izan diet ikasleei. Litekeena da gure euskara honen aurrekari zuzena izatea, eta izugarria da aurkikuntza, denok oso pozik egotekoa», azaldu zuen Urgellek.
Hipotesi berriak
Javier Velaza adituak aurkikuntza honetatik ireki daitezkeen hipotesi berriak aipatu zituen asteleheneko agerraldian. Bat nabarmen: ‘Irulegiko eskuan’ bada hizki bat iberiera ez dena; konfirmatuko balitz, garaiko baskoien hizkuntzaz beste ikuspegi bat emango liguke. Signario horrek bizia izan zuela erakutsiko luke, ez zela hiru inskripzio idazteko asmatu. Etorkizunean zeinu multzo horretan idatzitako inskripzio gehiago aurkitzeko esperantza agertu zuen adituak. Chivite lehendakariak berak hala esan zuen: «‘Irulegiko eskua’ baskoien hizkuntzan idatzitako testigantzarik zaharrena da. Orain arte pentsatzen genuen ez zutela idazten eta, esku honi esker, badakigu egiten zutela».
Urgellek «hotzikara bat» sentitu zuen Velazak inskripzio gehiago aurkitzeko itxaropena agertu zuenean. «Oxala horrela izatea!».
Dimentsio sinbolikoa
Zientzialariei lan egiten utzi behar zaiela defendatu zuen Sotok. «Zori puntu bat egon daiteke, baina atzean ondo egindako lana dago».
Ikusten du beste parte bat ere, dimentsio politiko-sinboliko bat. «Gidoi batean ere ezingo genuke honelako zerbait pentsatu. Pieza bat lurraldea, hizkuntza, herritarrak, politika eta kultura biltzen dituena eta sinbolo bihur daitekeena, gurea bezala zigortua egon den herri batentzat Iruñea ondoan esku hori topatzea eta, gainera, lehen hitza ‘sorioneku’ izatea, pelikula batean ere zaila litzateke honelakorik asmatzea».