IRRATIA

BTN Irun: elementu berriez jositako saioak zapore gazi-gozoegia aukeran

Paule Loizaga, Janire Arrizabalaga eta Eli Pagola bertsozale eta bertsolariak gonbidatu ditugu BTNko mikroetara. Irungo finalaurrekoan elementu errealak eta berriak ekarri zituzten bertsotara, entzuleak bertsoak ikusteraino. Puntuek ordea, zer esana eman eta zapore gazia utzi zuten Ficobako aretoan.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko Irungo finalaurrekoa (Andoni Canellada | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Nerea Ibarzabalen Ganbarako bertso bakoitzak «Plot twist» bat zuela aipatu du Arrizabalagak, eta saioak ere hala izan zuela esan dezakegu, puntuaketak entzun ziren momentuan halako «plot twist» bat egon zela. Azken emaitzaz jardun gara hirugarren Bertso Tertulia Nagusian, zer zigortzen den eta zenbat, eta horrek duen eraginaz. Baina batez ere Irungo bertsoaldiak ekarri ditugu gogora eta hauen errepasoa egin dugu.

Kontzentratuta sumatu zituen bertsolariak Pagolak, «hasierako agurretatik nabari zen hori», eta horri jarraika gai bakoitzean elementu berriak ekartzeko ahalegina azpimarratzen du. Maddalen Arzallus eta Miren Artetxeren zortziko nagusiko bertsoaldia azpimarratu du: «Zaila da halako gaietan gure posiziotik handikerietan eta potolokerietan ez geratzea, eta gauza oso humanoak kantatu zituzten».

«Sustraik ez zuen punturik utzi ezer esan gabe», Loizagaren iritziz, eta horrek kokatu zuen saioaren buruan. Artetxek plaza lehertzea ere lortu zuen berezkoa duen «espontaneotasunarekin» .

Arrizabalagak gai-jartzaile taldearen aurrean entzun zuen saioa kasualitatez, eta Nerea Ibartzabal eta Ane Labakaren bertsoaldian identifikatuta sentitu zirela kontatu du anekdota gisa: «Nereak kantatu zuen gai zabalegiak edo estuegiak jartzeagatik, baina bertsolariak berdin berdin kexatuko zirela, eta gai-jartzaileak txaloka sumatu nituen, bizi duten zerbait izango balitz bezala».

Zer kantatu, nondik kantatu eta nola garrantzitsua izaten da, baina kantakera ere garrantsitua da Loizagaren arabera: «Puntukako ariketan tonu ezberdinean jarduteak badakar halako tentsio bat entzulearengan eta baita bertsolariarengan ere, eta uste dut Jone eta Sustrairi hori gertatu zitzaiela». Pagolak kuriositate tekniko bati erreparatzeko proposatu digu bertsoaldi horretan: «Uste dut puntukako saioan, lehendabiziko punturik beharrean hirugarren puntutik pentsatzen hasi zirela batzuk, ea zuei zer iruditzen zaizuen».

Epaileak beharrean, epai irizpideak jarri beharko liratezke eztabaidaren erdigunean Arrizabalagaren ustez, epaileek irizpide batzuen baitan egin zutelako haien lana. Eta irizpide horien inguruan gaineratu du: «Zigortzea errazagoa da saritzea baino, hain subjektiboa da saritzearena, batzuetan objektibotasunaren atzetik errazago zigortzen dugula saritu baino».

Irungo oholtzan zerbait aldatu zen galdetuta Loizagak aipatu du «zenbait plazetan gero eta ohikoagoa denaren isla»  ikusi zela, eta plaza batzuetan lehenagotik ikusita egonda ere, txapelketan berriagoa dela. Pagolak gehitu du plazan gero eta ohikoagoa dela kopuru hauek ikustea: «Zein saiok duten on fama izango da, edota zein saio ikustera zoazen akaso, baina askori ez zitzaigun batere arraroa egin oholtzan bost emakume eta gizonezko bat ikustea».