IRRATIA

«Denok dugu gure baitan koko zuritik eta koko beltzetik»

‘Koko Gaua’ antolatu du larunbatean Iruinkokoak. Koko beltz, zuri zein edozein euskaltzale ospakizunera bertaratzeko dei egin dute. Udaberriaren etorrera agurtuko du Iruinkokoak otsailean, baina negua luzea da eta oraindik egiteko asko dituzte. Hala azaldu digute Ihitz Iriartek eta Aritz Ibañezek.

Iruinkokoa Iruñeko Alde Zaharreko kaleeta (Iruinkokoa | @iruinkokoa)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2019an jaio zen Iruinkokoa, Iruñerriko inauteri euskalduna. Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezagun diren libertimenduak oinarri hartuta, kantuz, musikaz, bertsoz eta oihuz ospatzen dute Iruñerriko euskaltzaleek udaberriaren etorrera, umorea eta satira oinarri.

Datorren Iruinkokoari begira lanean ari dira dagoeneko. Talde gehienak beterik daude, baina koko beltz bila ari dira oraindik ere. Azaroaren 12an, 19:00etatik aurrera, Zaldiko Maldiko elkartean batuko dira ‘Koko Gaua’, eta beharrezkoa den guztia, ospatzeko. Inauterian izen emateko azken aukera izango da bertan, modu presentzialean. Parte hartu nahi izan edo ez, giroaz gozatu nahi duen edonori luzatu diote gonbita.