IRRATIA

Lehio-aukera bat da Memoria Demokratikoaren legea nahiz eta motz geratu

Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatzear da urriaren 5ean onarturiko Memoria Demokratikoaren Legea. Frankismoren Krimenen Aurkako Plataformako Josu Ibargutxiren ustez motz geratu da, jarrera positiboagoa du Iñigo Santxo abokatuak.

Homenaje a víctimas del franquismo en Donostia, en 2018. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Laster jarriko da indarrean Memoria Demokratikoaren legea, Jose Luis Zapaterok 2007an aurrera eraman zuen legearen jarraipena da hau. «Aurrerapausoa da, noski, eta gu ez gaude legearen kontra» dio Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformako kideak, «baina motz geratzen da». Baikorragoa da Iñigo Santxo abokatua. Honek dio «aukera leihoa» irekitzen duela lege honek. Biak gonbidatu ditugu ‘Hemen Gertatu Zen’ saiora.

1977an onartutako Amnistiaren Legea aldatu arte justiziarik ez dela emango dio Ibargutxik, eta zehaztasunez dio bigarren artikuluko E eta F puntuak direla aldatu behar direnak, «inpunitate osoa bermatzen zaie Frankista guztiei, 40 urteko inpunitatea». Madrileko Gobernua baina, «ez da ausartu»  aldaketarik egitera, eta kexu da Ibargutxi: «beste 15 urte itxaron behar ditugu berriz? Guk egindako proposamen denak onartuz gero, trantsizioa bertan behera geratuko litzateke eta hori jasan ezina da beraientzako».

Santxo abokatuaren ustez behin legea indarrean jarrita lan egiteko garaia zabaltzen da, aukera asko ematen dituela Memoria Demokratikoaren legeak. «Bai, egia da bestelakoa izan zitekeela» bat egiten du Ibargutxirekin Anmistiaren legearen inguruan esaten duenarekin, «baina, bada zerbait» zehaztu du.

Lege honek ekarriko dituen aukeren artean dago 37. artikuluak biltzen duena: herri eta hirietatik oroimen demokratikoaren kontrako ikurrak ofizioz kentzea. Alegia, irudi, monumentu eta izendapen frankistak erretiratu beharko dira. Beraz, hemendik aurrera horrelako denak desagertuko dira? Bada ez. Administrazioari eskatu beharko zaio horiek erretiratzea. «Administrazioek ofizioz egiten ez badute, eskatu» azaldu du abokatuak. Ez luke horrela izan behar Ibargutxiren ustez: «eskatu ez, zuzenean debekatu behar dira Franskismoa gogoratzen duten kale eta monumentu denak».

Bide beretik doa ondasunen galerari dagokion artikulua. Expolioa handia izan zen bando errepublikarrean, eta galera hori gertatu zela onartuko du lege berri honek, baina ez da konpentsatuko. Ziurtagiri soil bat jasoko da non noizbait kalte hori eman zela onartzen den.

Zer esan handia sortuko duen beste artikulu bat da Frankismoak komunitate euskaldun, katalan eta galegoan eragindako kultura eta hizkuntza galerarena. «Zenbat mila milioi euroko kaltea eragin digute, tragedia pertsonalak alde batera utzita, herri bezala? Ba lege honek aukera eman dezake kuantifikatzeko, eta eskatzeko. Eskatzea libre baita» esan du Santxo abokatuak.

Memoria  Demokratikoaren legeak beste aldaketa batzuk ekarriko ditu. Hildakoen gorpuak berreskuratzea eskubide bat izanen da, eta Estatua egingo da bilaketa horien kargua. Lana errazteko, DNA banku bat sortuko da. Urriaren 31a biktimak omentzeko egun ofiziala izanen da eta maiatzaren 8a, erbesteratutako biktimen eguna. 1936ko estatu kolpearen biktimak gutxietsi eta frankismoaren apologia egiten duten fundazioak desegingo dira, besteak beste.