‘Alava Sarea’, emakumez osatutako espiotza sarea
José María Lasarte Arana donostiar jeltzaleak hitzordu bat egin zuen Bittori Etxeberria baztandarrarekin Baionan. Han enkargu bat egin zion: Santoñako Itunaren jatorrizko dokumentua eskuratzea eta hura Parisera bidaltzea. Orduan bertan erein zen ‘Alava Sarea’ren lehen hazia.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Tere Verdes, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Itziar Mujika dira argazkiko lau emakumeak. Lau emakume horiek ‘red Alava’ izenekoan aritu ziren: modu klandestinoan funtzionatzen zuen erakundea izan zen, espetxeen eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren artean informazioa pasatzen zuena. Aipatu lau emakume horietatik bi Donostiarrak ziren: Delia Lauroba eta Itziar Mugika.
Sarea 1937an hasi zen funtzionatzen, 1940ra arte. II. Mundu Gerran eta naziak Parisen sartu zirenean, Gestapo Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan sartu zen, eta atzemandako dokumentazioaren artean euskal informazio zerbitzuek egindako txostenak zeuden, horien artean sare horrek egindako lanak.
Eusko Jaurlaritzak Parisen duen egoitzan konfiskatutako informazioa frankisten poliziari eman zioten naziek. 1940ko abenduan lehenengo atxiloketak egin ziren; guztira 28 izan ziren, eta sarea deseginda geratu zen.
Sarearen arduradun nagusitzat jo zuten Luis Alava mediku arabarra, heriotza zigorra ezarri zioten, eta 1943ko maiatzaren 6an fusilatu zuten Madrilen. Historialariek horregatik paratu zioten izen hori ‘Alava’ sarea, erakundeari. Sareko gainerako kideei 20 eta 30 urte arteko kartzela zigorra ezarri zieten.