Donostiako eta Lizarrako bertso saioen errepasoa
Bukatu da Bertso Txapelketa Nagusiko lehen fasea, urriaren 22an izango da hurrengo hitzordua Elizondon. Lizarran eta Donsotian izan dira azken saioak eta bertsoaldi onenak entzun ditugun Kulturharia saioan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Jone Uriak eta Aitor Bizkarrak irabazi zituzten asteburuan Donostia eta Lizarrako bertso saioak.Azken puntuazioak bilduta, jada ezagun dugu Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetarako behin betiko sailkapena.
Asteburu honetan amaitu zen aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasea. Larunbateko saioa Donostiako Victoria Eugenia antzokian ospatu zen. Jone Uria gailendu zen bertan 706 punturekin, ia 900 bertsozaleren aurrean. Asteburuko puntuaziorik altuenak Donostiakoak izan ziren: Jone Uria 706 puntu, Onintza Enbeita 688, Aitor Etxebarriazarraga 682,5, Maddalen Arzallus 678, Eñaut Martikorena 674,5, eta Beñat Iguaran 659.
Igandean, bestalde, Lizarrako Los Llanos aretoan bildu ziren bertsozaleak. Aitor Bizkarra abadiñotarra izan zen saioko irabazlea, 693, 5 puntu eskuratuta. Puntuazio baxuagoak eskuratu zituzten beste bertsolariek: Asier Azpiroz 666 puntu, Maialen Akizu 658,5, Imanol Uria 652, Unai Gaztelumendi 630,5, eta Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ 622,5 puntu.
Asteburuko puntuazioak emanda, finalaurrekoetarako behin betiko sailkapena ezagutu genuen. Ondorengo bertsolariak arituko dira hurrengo fasean kantuan: Alaia Martin, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal, Haritz Mujika, Jone Uria eta Aitor Bizkarra zuzenean sailkatu dira lehen faseko saioak irabazteagatik. Eta puntuazioaren arabera sailkatu dira: Oihana Iguaran Nerea Elustondo, Ane Labaka, Julio Soto, Onintza Enbeita, Agin Laburu, Aitor Etxebarrizarraga, Maddalen Arzallus, Eñaut martikorena, Saioa Alkaiza, Miren Artetxe, Asier Azpiroz eta Iñaki Apalategi.
Aurreko txapelketatik sailkatuak ziren jada eta finalaurrekoetako lehen itzulian arituko dira, aurreko bertsolariekin batera, kantuan: Unai Agirre (Elizondon, urriaren 22an), Amets Arzallus (Donibane Garazin, urriaren 29an), Sustrai Colina (azaroaren 5ean, Irunen) eta Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi (azaroren 12an, Durangon). Maialen Lujanbio, aurreko txapelketako irabazlea,
zuzenean sailkatua dago finalerako, beraz, abenduaren 18an Navarra Arenan entzungo dugu txapelketan. Hurrengo faseko sarrerak bertsosarrerak.eus atarian salgai daude.