IRRATIA

Ødei: «Udaren herrian negua erakusten duen diskoa da»

'Terapia' diskoa argitaratu berri du Odei Barroso rap abeslariak. 2zio taldearekin hiru disko kaleratu ostean, bere bakarkako lehen lana da. 

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


12 urterekin murgildu zen raparen munduan Odei Barroso, baina aurten atera du bere bakarkako lehen lana; 'Terapia'. Errima zorrotz eta gai sakonekin osatutako 15 abestik borbiltzen dute diskoa. Goizegi da proiektuaren balorazioa egireko, baina «gustora nabil lana defendatzen oholtzetan; lehen etapa bukatu da, baina bigarrena dator» kontatu digu.  

Prozesua luze joan da, bi urteko lana gutxi gora-behera. «Hasi nintzenean ez nekien produkzioa egiten, eta disko honetan ni neu aritu naiz» esan digu. «Sortze prozesua eta ikasketa prozesua» izan dela aitortu digu musikariak. 

Euskal Herria banatzen duen muga, azken urteetako osasun-egoeraren ondorioak, familia harremanak eta aurreiritzien zama uztartu ditu diskoan, besteak beste. «Biluzte ariketa izan da, baina nik erabaki dut noraino biluztu». 

«Ez dakit beldurrak erakustea baino gauza ausartagorik baden» dio Barrosok, eta bere letretan islatzen da filosofia hori. «Biziki sensiblea naiz, batzuetan arazoak sortzen dizkit sentiberatasun horrek». Entzulearentza ordea, sekulako plazera da Barrosoren hitz sakonak entzutea. «Gure herrian musika eta festa oso lotuta daude, baina nik abesti ilunak egiten ditut».