IRRATIA

«Lortu dudana ikusteak bertigo pixka bat ematen dit»

Kontxako bandera bereganatuta Eusko Label Liga irabaztea du helburu orain Bermeo Urdaibaik. Larunbat honetan irabazi ez gero, etxean, Bermeon bertan, zaletuekin ospatzeko parada bikaina izango dute. Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia «oso pozik» agertu da NAIZ irratian.

Gorka Aranberri patroia, ikurrina astintzen, arraunlariek arraunak jasotzen dituzten bitartean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Asteburu honetan Eusko Label Liga erabakiko da Bermeo eta Portugaleteko uretan. Urdaibai da, hain justu garaipena esku artean duena, Kontxan indartsuenak direla berretsi ostean. Larunbatekoa irabazi ez gero, zaletuekin etxean ospatzeko aukera ezin hobea izango dute.

Kontxari dagokionean, Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak aitortu digu pasa den igandeko ospakizuna ez zela gehiegi luzatu. Lehen asteburutik ia erabakita utzi zuten garaipena, baina pasa den igandean ere estropada bikaina osatuz, are gehiago zabaldu zituen aldeak traineru bizkaitarrak aurkari zuzenekiko. «Oso pozik» agertu da Aranberri lortu dutenarekin, bai kolektiboki, zein alor pertsonalean.

Zazpigarren Kontxa izan da honakoa Aranberrirentzat, azkar esaten da. «Sinetsi ezinik» azaldu da gipuzkoarra, eta atzera begiratuta, «orain arte lortutakoak bertigo puntu bat» ematen diola ere aitortu du. 

Kontxa irabazi berritan, zarauztarrak aipatzen zuen aurreko egunean ez zuela ia lorik egin. «Hori da bertan jarraitzera bultzatzen nauena, bestela ez luke zentzurik izango», zioen Urdaibaiko patroiak. Etorkizun hurbilera begira, oraindik ere ez duela ezer erabakita adierazi digu.