IRRATIA

Aieteko Jauregia, Francoren udako etxea

Donostiako Aieteko Jauregiari egin diogu bisita ‘Hemen Gertatu Zen’ podcastean.  Etxea Bailengo Dukeena bazen ere,  Espainiako errege-erregina askok erabili zuten udako etxe bezala, baita Francisco Franco diktadoreak ere.

Aieteko konferentzia

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Istorio ugari gordetzen dira Aieteko jauregian, eta horietako batzuk kontatu dizkigu Hegoi Iparragirrek, Go Local turismo-enpresako gidak.  1878an eraiki zuen Aieteko Jauregia Adolphe Ombrecht arkitekto frantsesak. Inspirazio neoklasikoa duen jauregia Bailengo Dukeena zen, baina Miramarreko Jauregia egin arte oporraldi etxea izan zen Espainiako Erregeentzat. Bertan pasa zuten uda Isabel II, Alfonso XII, Maria Cristina eta Alfonso XIII-k.

Nahiz eta errege ez izan, «beti saiatu zen Franco errege eta erreginen ohiturak jarraitzen» azaldu digu Iparragirrek, eta horregatik, 1941tik 1965era  Donostian pasatzen zuen Frankok abuztuak  «nahiz eta jakina da Donostia ez zitzaiola gehiegi gustatzen»

Gaur egun Aiete auzoko Kultur Etxea  bertan dago kokatuta, jauregiaren alboan lur azpian eginiko eraikinean. 2006ko urriaren 24an, Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna. 2011. urtean eraikin honetan Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzia ospatu zen, eta Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen ikur bihurtu da. Konferentzia horretan nazioarteko hainbat politikari eta bakegintzako ekintzaile bildu ziren, besteak beste Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell.