IRRATIA

Kontxako bandera zuzenean eskainiko du NAIZ Irratiak

Igande honetan 11.00tatik aurrera Donostiako banderaren zuzeneko kontakizuna eskainiko du NAIZ Irratiak lan talde zabal baten bidez. Hurrengo asteko jardunaldi erabakigarria ere zuzenean jarraitu ahalko da irratian.

Zaleak bueltan izango dira aurten, pandemia atzean utzita (Gorka Rubio | FOKU)

Urte osoko lanaren emaitza jasotzeko unea iritsi zaie arraunlariei. Pandemia kontuak atzean utzita bere osotasunean bueltan da Kontxako bandera. NAIZ Irratian zuzenean jarraitu ahalko da urteko estropada garrantzitsuena.

Igande honetan da lehen hitzordua, 11.00tatik aurrera nesken lehen jardunaldia jokoan izango baita. Zortzi ontzi lehian eta urteko bandera preziatuena jokoan. Ordubete beranduago gizonen txanda izango da.

Zuzenean eskainiko du lehen jardunaldi hau NAIZ Irratiak lan talde zabal baten eskutik. Ion Garate KirolHariaren (egunero 14.00tan) gidariak hartuko du lema igandeko 11.00tan hasiko den saio berezian eta Arnaitz Gorriti NAIZeko kirol erredaktorea izango du alboan. Estropada eremuan Iker Gurrutxagaren eskutik jarraitu ahalko dute entzuleek estropada, euren begiz ikusten ariko balira bezala. Gainera, Nerea Intxausti kai inguruan izango da protagonisten lehen erreakzioak jasotzen.

Igandekoaren ostean irailaren 11n izango da 2. jardunaldi erabakigarria eta hori ere, noski, zuzenean eskainiko du NAIZ Irratiak.

Bi hitzorduen biharamunean eguneko protagonisten iritzi eta analisi zabala jasoko ditu Informazioaren Hariaren lehen edizioak (egunero 7.00tatik 10.00tara).