IRRATIA

Mukaki filosofiaren beste lagin bat, Xutiken ‘Kantu berrien azalean‘

Doinu alaiak dituen diskoa da Xutik taldearen laugarrena, baina aldarrikapenik ez zaio falta diskoari: «Gure funtzionatzeko maneran sartzen den zerbait da». Ortzi Hegoas eta Peio Iziaga taldekideak izan dira diskoa aurkezten MusikHaria saioan.

Hendaiako Xutik taldeak 14 urte daramatza dagoeneko oholtza gainean eta laugarren diskoa kaleratu du 2022an. (XUTIK)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Zazpi urteko hutsunea egon da Xutik taldearen azken diskotik disko berrira. COVID garai madarikatuak eragin eta geldiarazi die hauei ere zeramaten martxa, baina kontzertuak eman dituzte ezker-eskuin ahal duten moduan. «Egia da azken bi urteak nahikoa lasaiak izan direla sorkuntza mailan, baina bageneukan ideia hori diskoa egitearena eta COVID aurretik hasi ginen horretan», esan digu Peio Iziaga taldeko abeslariak.

Akordeoia, gaita edota saxo sopranoa bezalako instrumentuak erabiltzen dituzte Xutik taldekoek, bereziak egiten duten musika estiloan. «Azken disko hau grabatzerakoan, kobreek badute presentzia berezi bat. Rock oinarria dugu, baina kolorea eta melodiak halako instrumentuekin datoz. Txalaparta zatitxo bat ere sartu dugu, gure tradizioari keinu bat egiteko. Gurea dena erakustea eta, jotzen ditugunez, erabiltzea, gogoko dugu», kontatu digu Ortzi Hegoas bateria-jotzaileak.

Doinu tradizionalak berriekin nahasten

«Doinu zaharren errautsetatik sortuko dira besteak» abesten dute, ‘Kantu berrien azalean’ diskoaren eta kantuaren tituluari eta aurretik aipatu dutenari erreferentzia eginaz. «Gure historiako eta kulturako doinu asko presente dira, kantagintza tradizionaletik pasatakoak garelako, dantza taldeetatik ere bai. Geroko aireen sortzeko gogoa ere bada, ordea, baina lehengoak ez dira ahantzi behar biharkoak sortzeko». Programazio elektronikoak ere xumeki erabili dituzte kantuetan, baina ez dute etorkizunean gehiago sartzea deskartatzen.

Botere politikoaz hitz egiten dute hainbat kantutan, eta, ulertzekoa ere bada, Lapurdin denbora gutxian eman diren aldaketa politiko guztiak aintzat hartzen badira. «Nola ez, historikoki gauza asko aipatu ahalko ziren, baina gure hitzetan gure aldarrikapenak ekartzen ditugu. Gure Euskal Herri partean dugun bizimodua eta eguneroko bizimodua kontatzen dugu, gure errealitatea, eta, azkenean, horrela ateratzen dira gure hitzak. Gure artean hitz eginez, besteekin hitz eginez, eta aldarrikapenak kantuz zabaltzen ditugu», dio Hegoasek. Iziagak gaineratu du «‘Egun bat’ kantuan, hitzak Odeik Barrosok idatzi dituela. Kantu horretan, berez, Katalunian 2017ko urriaren 1ean gertatu zenaren inguruan hitz egiten du, nahiz eta ozenki ez den horrela erraiten».

‘Lanera noa’ abestian gauza batzuk umoretik esaten dituzten arren, gai serioa jorratzen dute Xutik taldekoek eta, besteak beste, musikari berari denbora gehiago eskainiko lioketela ere uler daiteke lerroartean: «Bi gauza desberdin dira baina gure eguneroko bizietaz hitz egiten dugu lehen esanda bezala. Baditugu gauza asko esateko manera desberdinetan eta horra beste manera bat. Guk ahal bagenu, behar bada batzuek ez denek, baina bai eskainiko geniokela denbora gehiago musikari».

Pozik bizitzearen aldeko mezua

Musika beltzaren maitale direla esan daiteke funka edota ska bezalako doinuak jorratzen dituztelako, baina haien hitzetan «ez dago ezer bortxaz egina. Rock oinarria harrtu eta gero inspirazioaren eta entzuten ditugun estiloen arabera eragiten dugu kanta bakoitzean. Ez dago estilo finkorik, eboluzio bat bada eta zuzenekoetan ere bai, baina maite duguna denetara bidaiatzea eta horrela partekatzea eta gure musiken eraikitzea da».

Mukaki filosofiaren bueltan hitz egin izan dute maiz eta hori nondik datorren ere galdetu diegu Xutikeko kideei: «Istorio luze bezain laburra da hori. Lehen bagenuen txaranga bat, Zpeiz Mukaki deitzen zena, musikari eta dantzari batzuk osatzen genuen hura. 80 eta 90. hamarkadetako musikak jo eta euskal dantzak ematen genituen. Mukaki hori aspalditik datorren hitza da, izpiritua libre eta alaiki bizitzea barnebiltzen duena, ongi bizi zaitez bat da».

Dramak modu alaian abestuz

Migrazioaren dramari buruz ere mintzatu dira ‘Luzatu eskua‘ kantuan, hendaiarrak izaki, egunero-egunero ikusten duten zerbait da migrazioarena. «Ortzik esan duen bezala, Patxik egindako hitzak dira hauek ere. Migranteen arazoa bistan da oso larria dela eta migrante baten bizia kontatu nahi genuen itsaso madarikatu hori trabesatzean nolakoa den. Buruan atxiki dezagun guztiok zer gauza larri pasatzen diren mundu horretan», aipatu digu Iziagak. «Gaur egun gure bizietan errealitate bat da eta begiak ez dira itxi behar horren aurrean. Guk ere gai hori aipatzearen alde egin dugu, gure arteko eztabaidetatik sortzen den abestia baita hau ere», gaineratu du Hegoasek.

Kalejira kutsua duen kantu da eta abesti honekin denak anai-arreba eginda, eskua luzatu eta elkarrekin dantzan irudika daitezke. «Gure musikan beti goaz mukaki spirit horretara eta bada beti festa giro hori, partekatze giro hori. Guk hori maite dugu eta gaia dramatikoa bada ere ez gara bortxaz malenkonian erori behar. Nahi duguna justuki da, dena aipa dezagun baina ez du kendu behar gure arteko anaitasuna eta partekatze gogo hori», azpimarratu dute Xutik taldekoek.

Gauzak berriz ere hasten ari direla sentitzen ari dira Xutik taldekoak. «Kontzertuen galdez ari dira eta hori oso ona da. Pozik gira, zuzeneko talde bat garelako hasiera hasieratik», esan digu Hegoasek. Ostiralean, uztailaren 22an, Donapaleun izango dira eta 30ean Baionako bestetan. Atzetik, Ezpeletan ere izango dira abuztuaren 6an.