Azkenean Weezer ikusi gabe geratu ginen
Izkander Fernandezek Bilbao Bizkaia Rock Day aitzakiatzat erabili zuen urteko azken tartean Weezer taldeaz hitz egiteko. Azkenean ez ziren Bilbon izan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Opor giroa sumatzen zen Izkander Fernandezekin egin genuen azken tartean, izan ere oporrak hartu ditu MusikHarian egiten duen tartean. Hala ere, agurtu aurretik, 2022ko sorpresa nagusienetakoaren berri eman digu.
Bazka taldea sortu dute Estricallan aritu zirenek. Fer Apoa, Erik Berganza, Hodei Esteban eta Txomin Urriza dira aurretik elkarrekin aritutakoak eta, proiektu honetarako, Galder Izagirre batu zaie, Fer Apoarekin Kuraia taldean aritua. «Eskertzekoa da halako proposamen bat eta, urtearen erdian bagaude ere, urteko euskal diskoa izateko hautagai nagusia da Bazka taldearena», esan digu Izkanderrek.
Bilbao Bizkaia Rock Day delakoaren atarikoa ere egin digu azken tartean, Weezer taldea erreferentzia moduan hartuta, baina gerora, Weezerrik ez San Mamesen. Hala, Berri Txarrak eta Yawners taldeak ekarri ditu talde estatubatuarraren aitzakian.
Bukatzeko, Heardle aplikazioaren inguruan ere aritu gara hizketan. «Jolas polita da musikaren maitaleentzako eta sarean, Twitterren, izaten dugu halako saltsarik jolasaren arabera. Batzuetan baten hizkuntzan eta besteetan bestearenean sartzen delako eta horrekin izaten delako zer aipatua», bukatu du Lemoako musika adituak, jolasaren harira ekarri digun Journey taldearen kantu bat luzatuaz.
Gauzak horrela, oporrertara joan da MusikHaria saioko kolaboratzailea. Hori bai, aste honetako lau abestiak hauek izan dira:
– Bazka - Idi bihotz
– Berri Txarrak - Payola
– Yawners - Rivers Cuomo
– Journey - Don't stop Believing