IRRATIA
Elkarrizketa
Garazi Arruti
Herri kirolaria

«Luciak eta biok badakigu nola funtzionatzen dugun eta konfiantza ematen digu»

Garazi Arruti-Lucia Orbe bikoteak emakumezkoen Binakako Pentatloi finalean txapela defendatuko du larunbat honetan, Tolosako zezen plazan, 18.00etatik aurrera. Karmele Gisasola-Uxue Ansorregi eta Nerea Arruti-Amalur Arbelaitz izango dituzte aurkari.

Garazi Arruti, harrijasotze proban iaz Binakako pentatloian. (NAIZ)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Emakumezkoen Binakako Pentatloiaren bigarren edizioa jokatuko da larunbat honetan eta lehen aldiz hiru bikote lehiatuko dira. Garazi Arrutik (Bilbo, 1985), iaz Azpeitian bezala, Lucia Orberekin osatuko du bikotea eta garaipena errepikatzen saiatuko dira. Bere hirugarren pentatloia izango da Tolosakoa, iaz Banakakoan ere lehiatu baitzen. NAIZ Irratian emandako elkarrizketan, bizkaitarrak onartu du helburua iazko marka hobetzea izango dutela: 29.45 minutu.

Zer moduz zaude?

Nik uste dut nahiko ondo gaudela. Lana gehiengoa eginda dugu, entrenamendu gogorra… Nahiko ondo ikusten dugu geure burua. Badaukagu base bat, pasa den urtetik landu genuena, eta indartsu gaude. Ikusiko dugu, bada.

Azken astean sartuta, urduri, lasai samar…

Aurten, lasaiago. Aurreko urtean lehenengo aldia izan zen, gauza berria zen, ez genekien nola aterako zen. Eta aurten lasaiago nago, nerbio puntu horrekin.

Pentsatzen dut egin beharreko prestakuntza lanak dagoeneko eginda edukiko dituzuela, ezta?

Bai. Egia esan, aurten Luciak eta nik ez dugu asko kointziditu egutegiagatik, baina batera egon garenean egin ditugu gure probak eta nahiko ondo moldatu gara. Nahiko itxita dugu dena nola egin.

Zuek zarete egungo txapeldunak. Horrek presio gehigarria suposatzen al du?

Bada, begira, ni lasai nago, egia esan. Lucia agian urduriago dago (barre egin du). Pasa den urteko txapeldunak izanda, horrek agian presio puntu bat ematen dizu, berriro ondo egin behar duzulako edo badirudielako erakutsi behar duzula txapelduna zarela. Baina, azken batean, gure artean oso ondo moldatzen gara eta hoberen egiten duenak irabaz dezala.

«Beste bi pertsona berri sartzea pentatloi mundu honetan pozgarria da bai guretzat, bai antolakuntzarentzat, baita oro har ere. Lehiatzeko orduan motibazio gehiagorekin joaten zara»

Eta zure kasuan, konfiantza ematen dizu Lucia hor aritzeak berriro ere?

Bai. Talde berean entrenatzen dugu, konfiantza dugu, ezagutzen dugu elkar. Badakigu nola funtzionatzen dugun batak eta besteak. Horrek konfiantza ematen dizu; normalean kointziditzen ez duzun beste batekin geratu behar bazara, agian zailagoa da.

Aurtengoan, gainera, hiru bikote ariko zarete. Irabazteko aukerak murritzagoak dira, baina aldi berean zorioneko albistea izango da beste bikote bat gehitu izana, ezta?

Oso albiste ona da. Iaz bazegoen hirugarren bikote bat, baina lesio baten ondorioz azkenean ez ziren plazaratu. Beste bi pertsona berri sartzea pentatloi mundu honetan pozgarria da bai guretzat, bai antolakuntzarentzat, baita oro har ere. Gainera, txapelketa egiteko baduzu beste norbait alboan ikusteko. Lehiatzeko orduan motibazio gehiagorekin joaten zara.

Bete beharreko lanak harriari 20 jasoaldi eman, gizon proban bi plaza bete, aizkoran bi egur moztu, txingekin sei plaza osatu eta korrika bi kilometro. Nola aurreikusten duzu?

Nahiko ondo. Nik nire buruan beti lehenengo proba daukat, bola altxatzearena pasatu behar dudala. Gero bestea, listo, badoa poliki-poliki eta badakit ondo egingo dudala. Ni txikia naizenez, ondo egin behar dut bolarena, indarrak hor ez gastatu alferrik. Hori kenduta, nik uste dut nahiko ondo ibiliko garela eta, gainera, uste dut hiru bikoteak nahiko parekatuta ibiliko garela. Nahiko lehia parekatua egongo da.

Eguraldi oso beroa izaten ari gara egunotan. Horrek ere eragina izango du errekorra egin edo ez egiteko, ezta?

Egunero gaude telefonoari begiratzen jakiteko zer eguraldi datorren. Niri beroa ez zait batere gustatzen, baina aurreikusita, ondo hidratatu beharko gara, ura eraman eta moldatuko gara. Ez dago besterik.

Sumatzen al duzue gero eta emakume gehiago animatzen ari dela?

Bai. Aurten beste bi animatu dira eta, bai, ikusten da jendea interesatzen dela, gehiago galdetzen dutela. Oso lan konplikatua da eta ez da batere erraza aurkitzea herri-kirol munduan pertsona bat gai dena hau guztia egiteko. Egia da gero eta neska gehiago gaudela diziplina ezberdinetan, baina oraindik zaila da.