IRRATIA
Elkarrizketa
Andoni Iruretagoiena «Izeta VI.a»
Herri-kirolaria

«Hiru txapel hiru bikoterekin janztea zerbait ondo egiten ari garen seinalea da»

Izeta VI.a eta Gorka Etxeberria izan ziren igandean txapeldun Binakako III. Euskal Pentatloian. Aiarrak eta oriotarrak marka berria ezarri zuten, Tolosako zezen-plazan lanak amaitzeko 39 minutu eta 44 segundo bakarrik behar izanda.

Izeta VI.a, igandeko Pentatloian lanean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Tolosako proban lortutako balentriaren biharamunean mintzatu zen Izeta VI.a Naiz Irratian. Garaipen «ona» izan da, bere hitzetan, bertan lortutako txapela.

Binakako Pentatloia irabazi berri duzue Gorka Etxeberriak eta zuk. Zure hirugarrena, orain arteko hiru edizioetan. Zerbait gehiago eskatzerik ba al da?

Ez, momentu honetan ezin da gehiago eskatu. Denbora ondo gestionatu genuen. Urtetik urtera hobetu egin dugu. Ez dago ezer gehiago eskatzerik.

Gogo handiz ospatu zenuen garaipena. Zer suposatzen du hirugarren txapel honek?

Niretzat garaipen ona da. Hiru bikotekide ezberdinekin hiru txapel jantzi ahal izatea zerbait ondo egiten ari garen seinalea da.

Aipatu duzu kontuan izan behar dela edizio bakoitzean bikotekide ezberdina izan duzula eta denetan nagusi izan zara. Horrek balio handiagoa  ematen al dio lortutakoari?

Bai. Azkenean bikotekide berberarekin egitea edo hiru bikotekide ezberdinekin egitea, niretzat behintzat azken honek garrantzia handiagoa du txapela janztean. Hau izan da berezia, baina bakoitzak bere gauza izaten du.

Errekorra ere ezarri duzue: 39:44ko denboran amaitu zenituzten lanak. Espero al zenuten marka hobetzea?

Bai. Bagenekien etxean egiten genuen lana egiten bagenuen markatik gertu edo behetik ibiliko ginela. Egia da etxean beti ezberdina izaten dela. Entrenamendu on batzuk egin genituen eta lortu genuen, esperantzarekin geunden. Txapela janzteko 40 minututik behera egin behar genuela argi nuen.

Oso indartsu ekin zenioten finalari hasieratik. Gizon-proba amaitutakoan nabarmen zineten aurretik; gero aizkora lanak amaituta ere minutu eta erditik gorako errenta zenuten. Uste baino erosoagoa izan al da edo lehia estuagoa aurreikusten zenuten?

Agian pixka bat eutsiko zigutela espero genuen. Egia da gizon-proban, nik uste dut aldetxoa zabaltzeko aukera bagenuela eta hori aprobetxatu genuen. Gero aizkoran, esan genuen: “Eustera aterako gara eta ikusiko dugu”. Aizkoran ere aurretik moztu genuen eta finala gozatzera joan ginen eta gozatu genuen.

Bikotekide Gorka Etxeberria izan duzu. Nola izan da berarekin lan egitea?

Gozada bat. Beti behar izaten da bikotekidea ezagutu –ezagutzen genuen elkar lehenagotik–, baina pertsonalki ere gehiago ezagutzen duzu pertsona. Entrenamendu eta ordu asko pasa ditugu elkarrekin eta ezin naiz kexatu. Ezin nuen bikotekide hoberik topatu.

Zaleak plazara itzuli dira azkenean. Eskertuko zen jendearen hauspoa eta giroa batez ere, ezta?

Bai. Giro polita zegoen eta jende gazte asko ere gerturatu zen; lagunak ere gerturatu ziren. Giro ederra sartu zen plazara. Aukeran, jende gehiago nahiko genuke, baina…

Aipatu duzu gazteen presentzia. Pentatloia indarra hartzen ari da herri-kiroletan. Zuek sumatzen al duzue hori inguruan?

Bai. Gero eta gazte gehiago ari da animatzen pentatloi mundura. Aurten ikusi da zenbat jendek animatu duen eta nik uste dut hori herri-kirolentzat pozgarria dela.

Datorren astean emakumeen pentatloia izango da. Aurten hiru bikote ariko dira. Hemen ere badirudi pixkanaka jendea animatzen hasi dela. Hori zorioneko albistea da, ezta?

Bai. Emakumeak gero eta gehiago ari dira animatzen; fuerte datoz, horiek ere asko entrenatzen ari dira. Broma gutxi horiekin!

Orain non ikusiko zaitugu?

Orain deskantsatu eta gero, 26an, aizkorako Bigarren Mailako sailkapena dut, baina ondoren pentatloiari begira jarriko naiz. Abuztuaren 7an Gipuzkoakoa dugu, Hendaian ere beste bat edukiko dugu eta iraila etorriko zaigu gainera.