IRRATIA

Nerea Arriola: «Oholtzaren gainean egia esan behar dugu eta egia horretara iristea da zailena»

Euskaldun askok 2016ean 'Supertxope' pertsonaiarekin ezagutu genuen arren, zortzi urte zituenetik antzerki munduan dabil Nerea Arriola aktorea. Bere ibilbideaz aritu gara Bigarren Kafean. 

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Nerea Arriolak urteak daramatza antzerkiaren munduan murgilduta. Txikitatik Zurriola antzerki eskolan aritu da ikasten, eta garai hartan ospitale batean sekula ez zuela lan egingo esan arren, erizaintza ikasketak egin zituen. Baina antzerkia beti barnean eraman izan du eta horrela Donostiako Arte Eszenikoen tailerrean osatu zituen antzerki ikasketak. «Gorputza eta ahotsa lantzen genituen, jolasarekin; ikaskuntza prozesua luzea izateaz gain, zoragarria da» esan digu aktoreak. 

Harrezkero, bi mundu hauek uztartzen ditu, nahiz gero eta gehiago ari den antzerki munduan murgiltzen. 'Emakume abeslari burusoila', 'Antigona', 'Shakespeare osoa ala ia', 'En la luna de Alfredo Sanzol' edo 'El perro del hortelano', besteak beste. Gainera, NODEk sortutako Conchita Tou pertsonaia ere gorpuztu du. Hala ere, «Drama umorea baino errazagoa da; pieza dramatiko bat egiten dudanean seguruagoa noa» aitortu digu. 

2016an ospe handia lortu zuen 'Supertxope' youtubeko Idoia Txoperena pertsonaiarekin, eta ordurarte hitz egiten ez ziren gai batzuei buruz aritu ziren bertan umorez, euskaraz eta modu natural batean. Ordutik, webserien munduan bolo-bolo ibili da. 

 

Hau guztia antzerki irakaskuntzarekin partekatzen du, antzerki eskolak ematen baititu Binahi edota Zurriola Antzerki eskolan. «Antzerkiak komunikazio gaitasuna garatzeko balio du».

Bere ibilbideaz aritu gara Bigarren Kafean.