Garazi López de Armentia: «Orain ezingo nuke nire bizitza dantzarik gabe ulertu»
19 urterekin dantza ikastea erabaki zuen Garazi López de Armentiak, eta pozik dago erabakiarekin; «probatzera joan nintzen eta asmatu egin nuen». Ordutik, gelditu gabe dabil. Bere ibilbidearen errepasoa egin dugu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Dantzak gauza asko ematen dizkiola dio Garazi López de Armentiak; «tresna bikaina da bizitzari aurre egiteko eta ikasteko. Hori gorputzean ikusten dut, eta gero esparru guztietara hedatzen da».
Bartzelonako Company & Company eskolan egin zituen dantzako ikasketak eta Bartzelonan bertan Moreno Bernardi italiarrarekin aritu zen «Nire maisua da. Dantzarekiko ikuspuntu berezi bat eman didana, eskolan irakatsi ez zidatena eta gaur egun erabiltzen dudana». Azkenaldian berarekin amets ere egin omen du eta asko gustatuko litzaioke berriz ere berarekin lan egitea.
Teknika ikastea garrantzitsua dela dio, baina ez hori bakarrik, «nire ustez ezin da hor bakarrik geratu. Guk komunikatu egiten dugu eta teknikak horretarako baliabideak ematen ditu, baina berez ez du komunikatzen».
Eva Guerrerorekin dabil azkenaldian hainbat proiektutan, horietako bat da 'Gorpuztu' pieza. «berriz ere emanaldi hau egiten dudanean etxera bueltatzea bezalakoa da». Pieza hau bizirik dagoela dio, «piezak eraikitzen joaten dira. Hasieran zuk asko ematen duzu, baina badago momentu bat, pieza zuri ematen hasten dena, zuri gauzak kontatzen».
Lan honetan aretoko emanaldietan musikariez inguratuta dago. Moreno Bernardirekin musikarik gabe dantzatzen ohitu zen, eta beste ikasgai bat ere eman zion «arte bat beste batekin elkarbizitzeko, bakoitza bera bakarrik sostengatu behar da, erlazio batean bezalaxe. Gai izan behar du bakoitzak berea esateko, horregatik elkartzen direnean elkarbizitza da, eta ez daukate elkarrenganako dependentziarik».
Gaur egun 'LOF (Ladies on fight)' ikuskizunarekin ere alde batetik bestera dabil eta lan honi buruz galdetzean «gogorra» izan zela dio, baina «beste modu batean ere asko irakasten ari zait eta orain gozatzen ari naiz».
Gasteizko Baratza aretoari buruz ere aritu gara, bere neba Unai Lopez de Armentiarekin batera sortu eta zuzentzen duena. Bere ibilbidearen errepasoa egin dugu Bigarren Kafean.