Tximu edo hegazti, zoonosi kasuei begiratua tertulia zientifikoan
Tximu baztanga, hegazti gripea... azken boladan hitzetik hortzera darabilzkigu animalietatik gizakietara transmititzen diren gaitzak. «Oinarrian dago arazoa» Izortze Santin eta Koldo Gartzia zientzialariek diotenez, «ekosistema suntsitu» egin dugulako. Norabidea aldatu ezean, aregotu daitezke.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Barruraino sartua zaigun gaitza da zoonosia, kontrako norabidea hartu ezean, betikotu eta areagotzeko arriskua dago. Koronabirusaren pandemiarekin bolo-bolo ibili dugu animalietatik gizakietara trasmititzen diren gaixotasunak, hala izan dugu Ipar Euskal Herriko etxaldeak kaltetu dituen hegazti-gripearekin, eta hala dugu orain tximu baztangaren agerraldiarekin. Gaitz honekin zerikusia izan dezakeen kasu bat ari dira aztertzen Gasteizen, badira 30 bat Estatu espainiarrean eta ehundik gora Europako beste hamabi herrialdeetan. Eta agerpen hau ezagutu bezain pronto piztu dira alarmak; Izortze Santin zientzialariak dion moduan, beharbada, pandemia bat pasa izanagatik «sensibleago» gaudelako. Baina ez da momentuz alarmak pizteko momentua: «Ez dago gaitz hau ere pandemia bilaka daitekeen kezkatzeko motiborik», gehitu du. Eta horrekin bat etorri da Koldo Gartzia: «Sintomak agerikoak dira, eta horrek erraztu egiten du gaitza dagoela jakiteak». Gainera, azaldu du Gartziak, Europan barreiatu den aldaera hilkortasun txikikoa dela.
Gehiago kezkatzen ditu, hortaz, eritasun hau zabaldu izanaren motiboak; «Ekosistema suntsitu dugu, klima aldaketa betean gaude, horren ondorioz gero eta gertuago bizi gara animalietatik eta horrek eragiten du animalietan egon daitezkeen birusak gurera pasatzea. Animalien ekosistemak suntsitu ditugu, eta hor jarri behar dugu fokua». Galdera da, etorkizunean zoonosi kasu gehiago eman daitezke? Erantzun argia: «Bai».
Esperantza txikia
Hegazti gripeari dagokionez, esperantza txikia suposatu dezakeen esperimentazioan murgilduta dira oraintxe osasun agintariak; bi txerto ari dira probatzen, gripe mota hau ekiditeko baliagarri izan daitezkeen ezagutzeko. Gutxi ezagutzen da txerto hauen buruz, baina balizko emaitzek esperantza sortu dute, batez ere, euren etxaldeetan triskantza eragin duen Ipar Euskal Herriko laborariengan. Baina hemen ere arazoa berbera litzateke: oinarrian dagoen arazora jo beharrean, zauria sendatzea bezala izango litzateke.