IRRATIA

Elena Arambarri: «Antzerkia eta artea beharrezkoak dira gizartea humanizatzeko»

Elena Arambarri Arsuagak ibilbide luzea egin du antzerkigintzan. Horregatik, argi du; «neretzat artea hobeto bizitzeko eta zoriontsuagoak izateko da».

Elena Arambarri aktore eta antzerkigilea (Facebook / Transforma·t)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


 

15 urterekin Anton Chejoven 'La Gaviota' obra telebistan ikusi eta horrek Elena Aranbarriren bizitza aldatu zuen, ondoren argi ikusi baitzuen zer egin nahi zuen. Harrezkero, aktore, zuzendari eta antzerkigile dabil, berak esaten duen bezala, «antzerkia errealitatea eraldatzeako tresna gisa erabiliz, entretenitzeaz gain, eraldatzeko tresna ere bada-eta antzerkia».

'Baketik fundazioan' antzerki forum edo zapalduen antzerkia erabiltzen dute horretarako. Arambarrik dioenez, «oso tresna eraginkorra da edozein enpresa, eskola edo taldek izan dezakeen edozein gatazka lantzeko». Gainera, «Zapalduen antzerkiak ahalduntze eta parte hartzea bultzatzen du eta zapalkuntza eta injustizietan arreta jartzen du; biktimei edo lekuko ixilei edo beste arloetan botere gutxiago dutenei hitza emateko balio du» esan digu. 

Horrez gain, 2017 urtean 'Ebaren alabak' antzerki taldea sortu zuen Tolosan obra bereko ikuskizunarekin eta ondoren 'Cromlech' burutu dute. Orain hirugarren lanaren sorkuntzan dabiltza, eta lan honen oinarrian bere barneko kezkak daude, «gure kontraesan handiek kezkatzen naute, gure koherentzia ezak».

Arte eta kultura eraldatzeko eta transformaziorako tresna sentitzen ditu, «arteak gizartearen zati batzuk barrutik elikatzen ditu eta niretzat betidanik artea, kultura eta gizakia eskutik joan dira. Bizitza jasaten laguntzen du arteak». Horrela berak pandemian bizitakoak ere ekarri ditu gogora: «egiaztatu dut arteak garai gogorretan arimaren zauriak sendatzen laguntzen duela, bizitzeko gogoa pizten duela. Urrun dauden pertsonak batzen ditu, ez beren ideietatik, baizik eta sormenetik, olerkietatik, barreetatik, jolasetatik… hortik dator topaketa».

Hausnarketarako gunea ireki du Elenak gurean, «antzerki, arte, kultura, denak beharrezko dira orain gizartea humanizatzeko. Hezkuntzan baloreak lantzeko, sufrimendua sortzen duten emozioak kudeatu eta lantzeko».