IRRATIA

Oscar sarien biharamuna

Atzo ospatu zituzten Los Angelesen (AEB) zinemaren Oscar Sarien 94. edizioa. 'Coda' izan zen ezusteko garailea, baina Will Smith aktoreak Chris Rock umoristari emandako zaplaztekoa izan zen gaueko protagonista.

'Coda' pelikulako partaideak. (Mike COPPOLA | GETTY IMAGES-FRANCE PRESSE)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Oscar sarien 94. edizioak eztabaida handiak sortu ditu. Sian Hederren 'Coda' pelikulak film onenaren, gidoi egokitu onenaren eta bigarren mailako gizonezko aktore onenaren (Troy Kotsur) sariak irabazi zituen. Hala ere, kopuruari dagokionez, 'Dune' izan zen garaile, sei eskuratu baitzituen. 

Edonola ere, Will Smithek Chris Rocki emandako zaplaztekoa izan zen gaueko momentua. Chris Rock umoristak Jada Pinkett-Smithen ileari buruzko txistea egin zuen, eta bere senarra, Will Smith, oholtzara igo zen indarkeriarekin erantzuteko. Umorearen mugen, matxismoaren, eta neurrigabeko biolentziaren inguruko eztabaida piztu du gertatukoak sareetan. 

Horren inguruan aritu gara Bigarren Kafea, eta oraindik kultur gose direnentzat, hiru proposamen egin ditugu.

'Asa ga kuru' - Martxoak 29

2021eko Donostia Zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zuten 'Asa ga kuru', Naomi Kawaseren azken lana.

Satokok zailtasunak ditu haurdun geratzeko, eta berak eta bere senarrak haur bat adoptatzea erabakaitzen dute. Haurra adoptatu eta urte batzuk beranduago Hitari agertzen da euren bizitzetan, ama biologikoa dela dioen neska gaztea.

Ez da Kawase amatasunari buruz aritzen den lehen aldia, 2006an bere haurdunaldi eta erditzeari buruzko dokumental bat grabatu zuen, eta gai errepikakorra da bere filmetan. Izan ere, Kawase ere adoptatua izan zen.

'Mass' - Apirilak 1

Fran Kranzen opera prima da 'Mass'. Sundance jaialdian estreinatu zuten eta Donostia Zinemaldiko New Directors saileko sari nagusia eskuratu zuen. 

Instituto batean jazotako tiroketa batetik sei urtera kokatzen da kontakizuna. Gela batean, abokatu batek antolatutako eta terapeuta batek gomendatutako bilera batean daude bi bikote. Bat, tiroketaren arduradunaren gurasoak, eta bestea, biktimetako baten gurasoak. Jason Isaacs, Martha Plimpton, Reed Birney eta Ann Dowd dira protagonistak. 

'Cow' - Apirilak 1

Andrea Arnold zuzendari britainiarreren lehen dokumentala. Kenteko haztegi bateko esne behi baten bizitza jarraitzen du. Arnoldek gertutik grabatzen ditu txahalen jaiotzak, amengandik aldentzen dituzten unea, adarrak nola kentzen dizkieten…

Ez dago inolako off ahotsik, entzuten diren ahots bakarrak haztegiko langileenak dira, eta amaiera arte ez da gizakirik ikusten.

Lau urte igaro zituen Arnoldek Luma behia grabatzen.