IRRATIA

Grafitia; legearen mugan egotearen artea

Balu, Ojodekuervo eta Frik grafitigileen lana Gasteizen. (Balu, Ojodekuervo, Frik. )

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Gasteizen martxan jarri dute grafitigileen aurkako kanpaina, 1500 eta 3000 euro bitarteko isuna jasoko du grafitiak egiten dituenak. Egoitz Konte ‘Ojodekuervo’ grafitigilea izan dugu gurean eta esan digu ez dela gatazka berria, grafitigileak beti jakin izan duela ze arrisku dagoen margotzen duenean eta nahiz eta formatua aldatu azken hau «ez da kanpaina berri bat, beti egon da».

Gorka Urtaranek, Gasteizko alkateak, Twitter bidez eman zuen kanpaina honen berri, eta honez gain, bi irudi alderatu zituen: batean horma-irudi koloretsu eta landuak eta bestean grafiti, sinadura edo marrazki sinpleagoak. Lehenengo argazkikoak defendatu eta bigarrenekoak mespretxatu egin zituen, zein ezabatu eta zein ez azaldu zuen.

Gasteizen beti bilatu dute margotzeko aukera, edo lasaiago egiteko aukera, agian horregatik beti egon da kaleko artea eta nolabait artisten arteko saretzea. Arrazoi nagusirik egon ez den arren, artistak elkartu egin dira baina badakite ze arrisku edo muga dituen grafitiak, legearen mugan artea egitea ez baita erraza; «grafitigileak gara baina badakigu grafitiak ze muga dituen» eta beste ekimen edo proiektutan parte hartu izan dute.

Street arta, beste edozein arte bezala, subjektiboa da eta subjektibotasunetik egiten du lan artistak, eta beste arterekin bezala ez da denon gustukoa. Baina ekimen eta proiektu berriekin aurreiritziak aldatu eta kaleko artearen mundu zabala erakusten saiatzen dira Ojodekuervo bezalako artistak: «jendeari gerturatzeko egiten dugu lan».

Hau guztia eta askoz gehiago kontatu digu gaur Bigarren Kafean.