IRRATIA

Goya sarien irabazleak eta film berriak

Zinemaren 36. Goya Sariak banatu zituzten larunbatean. Irabazleen zerrenda errepasatu dugu eta Oscar eta Berlinale jaialdietara begira jarri gara Idoia Davila Uzkudunekin. 

Urko Olazabal bizkaitarrak Goya saria eskuratu zuen 'Maixabel' filmean egindako lanagatik. (Lluis GENÉ | AFP)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Larunbatean banatu zituzten zinemaren 36. Goya sariak. 'Maixabel' filma hamalau sailetan zegoen izendatuta eta hiru sari lortu zituen; Maria Cerezuela gasteiztarrak aktore berri onenaren saria jaso zuen eta Urko Olazabal bilbotarrak taldeko aktore onenaren saria jaso zuen. Gainera, Blanca Portillok emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen, Maixabel Lasaren papera egiteagatik. 

Horrez gain, Kike de la Ricak argazki zuzendari onenaren Goya lortu zuen 'Mediterraneo' filmean egindako lanagatik, eta Jorge Guerricaechevarriak, egokitutako gidoi onenarena, 'Las leyes de la frontera' filmarengatik. Gaueko irabazleak errepasatu ditugu Bigarren Kafean, eta gure apustuen emaitzen inguruan aritu gara. 

Baina Goya sarietako pelikulak alde batera utzita, Idoia Davila Uzkudunek proposamen berriak egin dizkigu aste hontako puri-purian tartean.

'Bad Luck Banging or Loony Porn' - Otsailak 11

Radu Juden azkeneko pelikulak 2021eko Berlinale jaialdian Urrezko Hartza eskuratu zuen. Zinemaldian ere ikusi ahal izan genuen, Zabaltegi-Tabakalera sailean. Judek 2020an aurkeztu zuen proiektua, eta, pandemia iritsi arren, aurrera egin zuen, segurtasun protokoloak jarraituz.

Instituto bateko irakasleak sextape bat grabatzen du bere senarrarekin eta bideoa, nolabait, sarera iristen da. Institutoko ikasleen gurasoak haserre daude, eta irakaslea epaitu egingo dute, kaleratua izan beharko litzatekeen edo ez adosteko.

'Flee' - Otsailak 18

Jonas Poher Rasmussen daniarraren animaziozko dokumentala da 'Flee'. Errefuxiatu afganiar batek bere istorioa kontatzen du, baina ez du bere identitatea desestali nahi; horregatik, zuzendariak animazioa erabiltzea erabaki zuen.

Rasmussenek, irrati dokumentaletan aritutakoak, nerabezarotik ezagutzen duen laguna elkarrizketatzen du, eta agindutako anonimitateari esker, aspalditik ezkutatutako traumak azaleratzea lortzen du zuzendariak. Gizakien salerosketa kontakizunek indar berezia hartzen dute Kopenhageko Sun Creature Studiok sortutako animazioekin.

Sundance jaialdian estreinatu zuten eta bertan dokumental onenaren saria eskuratu zuen. Geroztik, izendapen eta sari ugari lortu ditu; Oscar sarietarako hiru izendapen eskuratu ditu: Animazio, Dokumental eta Nazioarteko Film Onena.

'The Lost Daughter' - Otsailak 18

Talde indartsua elkartu Maggie Gyllenhaalek bere lehenego filmerako: Olivia Colman, Dakota Johnson, Jessie Buckley eta Ed Harris. 

Colmanek emakumezko aktore onenaren izendapena jaso du Oscarretarako, eta Buckleyk taldeko emakumezko onenaren aktorearena. Gyllenhaalek, aldiz, egokitutako gidoi onenarena. Horrez gain, gidoi honek Veneziako gidoi onenaren saria jaso zuen. 

Elena Ferranteren 'La figlia oscura' eleberriaren egokitzapena da. Leda (Colman) kostara joaten da oporretan, bakarrik, eta, bertan, Nina (Johnson) eta bere alaba ezagutuko ditu, eta haien arteko erlazioak liluratu egiten du emakumea. Haiei begira, Leda bere amatasunaren oroitzapenetan murgilduko da, eta aurre egin beharko die ama gaztea zenean hartutako erabaki txarrei.

'Disenchantment' S4 - Otsailak 9

Matt Groeningek sortutako helduentzako animaziozko telesaila da 'Disenchantment'. 2018an estreinatu zuten lehen denboraldia eta laugarrena asteazkenetik dago ikusgai (nahiz eta berez bigarren denboraldiaren bigarren atala den, laugarren denboraldia baino).

Dreamland fantasiazko erreinu magikoan kokatuta, telesailak Bean printzesa errebeldearen, Elfo izeneko iratxo baten eta Luci izeneko deabru baten abenturak kontatzen ditu. 

Denboraldi berriaren estreinuaren egun berean iragarri zuen Matt Groeningek bere beste telesail ospetsu bat, 'Futurama', itzuliko dela Huluren eskutik; 20 atal berri izango ditu, eta 2023an espero da estreinaldia. 2013an izan zuen azken denboraldia telesail honek. 

'Severance' - Otsailak 18

Dan Ericksonek idatzia eta sortu du, eta Ben Stillerrek eta Aoife McArdlek zuzendu dituzte telesaila osatzen duten 9 atalak.

Lehen bi atalak ostiralean ikusi ahal izango dira, eta ostiralero atal berri bat argitaratuko dute plataforman. Mark (Adam Scott) Lumon enpresako lantalde baten buru da. Enpresan, langile guztiei ebakuntza egin diete, haien laneko eta bizitza personaleko oroitzapenak bereizteko.

Erdi thriller, erdi satira, telesailak modu literalean erakusten du bizitza pertsonalaren eta lanaren arteko oreka mantentzearen zailtasuna.