IRRATIA

Otsaileko 'Beste bat': Intza Unanue, Kilimak, 'Nikotina' eta Neonak

Otsailean zehar, partaide berriak izango ditu ohi bezala 'Beste Bat' saioak, eta gauzak horrela, beraiek gogoko dituzten kantuak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izango dugu beste hilabete batez.

Otsaileko 'Beste Bat' saioak | Intza Unanue, Kilimak, Nikotina, Neona (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Urtearen bigarren hilabeteak, musika estilo ezberdinak dakartza 'Beste Bat' saioko egun bakoitzera. Lau partaide berri topatuko ditugu 15:00etatik 16:00etara bitartean, Naiz irratiaren uhinak dantzan jartzen. Orioko Intza Unanue abeslari gazteak ekingo dio asteari. Kilima talde Hernaniarrak emango dio jarraipena, astearteetan. Hirugarren txandan berriz, Nikotina tolosarrak hartuko du lema, eta ostegunetan Neona taldeko musikariak topatuko ditugu mikrofonoaren aurrean.

Lau urte igaro dira, Intza Unanue oriotarrak bere bakarkako ibilbideari ekin zionetik musikaren munduan. Karan singlearekin eman baitzen ezagutzera. Aurretik ordea, eskarmentu ugari hartutako abeslaria dugu. Benito Lertxundiren taldekide izan baitzen 2011z geroztik. Azken urte hauei erreparatuz ordea, 'Ilundu aurretik' autoekoizpena da nabarmentzekoa, joan zen urtean kaleratu baitzuen. 'Desizozten' izan zen honen aurrerapen kantua. Astelehenetako 'Beste Bat' saioak musikatzeko ardura izango du berak.

 

Asteko bigarren, Hernaniko 'Kilimak' taldeko musikariak izango ditugu. Agustin Garmendiak, Ione Zozayak, Ihintza Zozayak, Ander Larrañagak, Antxon Mirenak eta Oskitz Gorrotxategik osatzen dute. Runba estiloa jorratzen dute 2018tik, ibilbidearen hasieran zenbait kontzertu eskaini zituztelarik, pandemia gure artera iritsi zen arte hain zuzen ere. Etenaldi horretan, lanean jarraitu ahal izateko aukerari eutsi zioten, joan zen urtean kaleratu zuten 'Euskal Herriko runba' diskoa prestatzen aritu baitziren. Gerria mugitzeko moduko doinuak entzunaraziko dizkigute beraiek beraz asteartero.

 

Jon Tolosa Belza (Nikotina) izango dugu asteazkenetan. Oso gaztea zenetik jorratu izan du rap estiloa, eta urteek aurrera egin duten bitartean, reggae zein dancehall doinuak pixkanaka bereganatuz joan da. 2016an eman zuen ezagutzera proiektua, Ziribulio Sound kolektiboarekin batera hainbat kontzertu eskaintzen ari zela zeazki. Urteek aurrera egiten duten bitartean, proiektuari gorputza emanaz kantu ezberdinak kaleratu eta areto, gaztetxe eta plaza ezberdinetan emanaldiak eskaintzen jarraitzen du.

 

Ostegunetan, asteko azkenekoz, Neona taldea izango da gidari. Urtebete inguruko ibilbidea duen taldea da, nahiz eta Natali izenpetik eratorritako taldeko musikariak izan. Izen aldaketak, izaera ezberdin bat izateko aukera eskaini dio taldeari, hori lortu nahi izan dute Gorka Mendizabalek, Andres Insuak, Oihana Rodriguezek, Ixak Arrutik eta Natali Izagirrek. Pop, rock, funky eta beste hainbat estilotako kantuak eskaintzen dizkigute lehen diskoan esaterako. Gurean izango ditugun ordubetean, seguru itxura bereko doinu dantzagarriak entzunaraziko dizkigutela.

 

Astelehenetik-ostegunera bitarteko hitzorduak beraz, jarraipena izango du otsailean ere Naiz irratian. 15:00etatik 16:00etara bitartean, gure musikarien azukre koxkorrak ezagutzeko plazera izango baitugu 'Beste Bat' saioan. Zuzenean entzuteko aukeraz gain, irratia.naiz.eus webgunean zein podcast plataformetan, aukera egingo berriro nahi adina aldiz entzuteko saioa amaitu bezain laster.