IRRATIA

Gari Garaialde: «Etxean bertan dugun egoera da, kontatu beharra dago»

Argazkiz eta hitzez, gure lurraldearen hego eta iparreko muga zeharkatzeko migranteek egiten duten bidea kontatu berri du Gari Garaialdek Zazpika-k argitaratu duen erreportaje batean. Han izandako sentsazioak ekarri ditu NAIZ Irratira.  

Ibrahima, Oumar, Aden eta Abdoulaye Bidasoa ibaiaren bazterretik oinez. (@GariGaraialde)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ipuin baten kontakizuna izan liteke, kondaira batena, asmatutako istorio batena, baina ezta urrundik ere. Bene-benetako istorioa kontatu du Gari Garaialdek bere azkenengo lanetako batean; ohi duen moduan argazki kamera lepotik zintzilik bakarrik ez, oraingoan ordenagailuko teklatua ere lanabes hartuta. Argitaratu berri du GARA egunkariaren iganderoko aldizkari Zazpika-n 'Erre gabeko bideetatik' erreportajea.

Lana ez zaio erraza egin, hala aitortu du; ez bakarrik hitzez kontatu behar izan duelako, kontakizunak berak baduelako asko gogorretik. Baina konbentzimendua nabari zaio: «Gertatzen ari dena kontatu beharra nuela sentitzen nuen; duela hiru urtetatik, migranteak muga ezin pasa zeudela jakin genuenetik ari naiz gertu-gertutik jarraitzen. Etxean bertan dugun egoera bat da, eta kontatu beharra dago».

«Kezkatuta» egin du, hori ere onartu du: «Kazetari karneta banuen, baina ez nekien zein puntura arte ez ninduen hartuko poliziak euren pasante edo laguntzaile moduan». Horregatik ez du inoiz bidaia eurekin amaierara arte egin. 

«Kontent» lanarekin

Erosoago dabil gertakizunak erretratuen bidez kontatzen, baina idatzian nola geratu den ikusita «kontent» geratu da. Ez zen erraza gauza asko neurtzen, argi baitzuen lan honekin ez zuela migranteengan eragin negatiborik izatea nahi; horregatik neurtu du asko noiz publikatu: «Egin genuen bidea 'erreta' zegoela jakin nuenean publikatu dugu, ez lehenago. Nik txangoak udaberri eta udara artean egin nituen».

'Pase' ezberdinak egin behar izan dituela kontatu du, mendi-txango ezberdinak, baina Aden, Abdoulaye, Ibrahima eta Oumarrekin egindakoan zentratu du testua. Errezeloa sumatu ote duen galdetuta, «denetarik» egon dela azaldu du, baina guztien «baimena» izan duela bidean jarraitzeko.

Historia duten ibilbideak

Kontakizunak badu berezko berezitasuna, baina are bereziago egiten du Garaialderentzat erabiltzen dituzten bideak «ibilbide historikoak» izatea; izan ere, bide horiek erabili dira II.Mundu Gerrate garaian, ETAko militanteak ihes egiteko edo modu klandestinoan, batez ere portugesak, frantziar Estatuan sartzeko. Horrekin lotu nahi izan du landu duen testua ere, argi uzteko ez dela «zerbait berria», ez dela «ezer asmatu». «Gizakiak beti egin du ihes, bizitza zaila egiten zaion lekuetatik, eta ahalegindu da bizitza berri bat topatzen beste leku batean. Gizakiok beti jarri dizkiogu mugak hori bilatzen zuten gure anai-arrebei. Horregatik bilatu behar izan dira bide klandestinoak».

Egunean 14-15 migrante iristen dira Irunera, Irungo Harrera Sareko Josune Mendigutxiak NAIZ irratian azaldu duenez; dozena pasa pertsona, beraz, muga pasatzeko intentzioz direnak, Garaialdek zehaztu duenez. Oro, har egiten duten bidea hiru bat ordutan egitea badago; baina eremua ezagutzen ez dutela aintzat hartuta, gehiago ere igarotzen dute mendian migranteek. Eta gehien behar duten hori, denbora, kontran dutela gainera. Kasu honetan, bere kontakizunaren protagonista diren Aden, Abdoulaye, Ibrahima eta Oumar-ek lortu zuten helmugara iristea, Baionara: «Lehen helmuga Irun dute, hurrena Baionara iristea da, eta pozik iristen dira, nahiz eta akaso ez duten lehen momentuan adierazten. Zaila da kudeatzea». 

Behin erreportajea publikatuta, kontakizunak merezi duela eta Euskal Herritik kanpo beste leku batzuetan mugitzea du amets Garaialdek, behin eta berriz diolako «kontatu beharreko istorioa» dela.