Harkaitz Canoren ‘Kandelikara’; surrealismotik abiatutako hilotza
‘Kandelikara. Buñueli buruzko film baterako apunteak’ liburua aurkeztu du Harkaitz Canok Durangoko Azokan. Jostetan ibili da Cano, handik eta hemendik, artista askoren testu, film, elkarriketa zati eta poemekin osatu du Luis Buñuel idazlearen inguruko «remake» hau.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ia duela urtebete, urtarrilaren 6ean, abiatu zuten Luis Buñueli eskainitako Nosferatu zikloa Donostiako Tabakaleran. Atzera begirakoak, urtarriletik abendura arte, Aragoiko zinemagilearen lan osoa eskaini du. Ziklo horrekin batera, gainera, Calandako zuzendariari buruzko bi liburu argitaratu dituzte, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena Jesus Angulok eta Joxean Fernandezek koordinatu dute, eta bigarrena Harkaitz Canok idatzi du. Hura aurkeztera etorri da Bigarren Kafea saiora.
Zinemari egindako omenaldi bihurria egin du Harkaitz Canok, ‘Kandelikara, Buñueli buruzko film baterako apunteak' deiturikoa. Edo idazlearen hitzetan, «Surrealismotik abiatutako hilotz eskisito bat». Horregatik, izenburua bera arau-hauste bat da. «Kandelaikara beharko zukeela esan didate, baina ezin nuen 'a itsatsiaren' araua errespatatuz hasi Buñuelen inguruko liburu hackeatu bat». Beraz, zinema argiaren eta itzalen arteko jokoa denez, kandelikara hitza defendatzen du idazleak.
Luis Buñuelen testu, elakrrizketa zati, poema eta asmatutako kontuek osatzen dute liburua; izan ere, «zinemaren inguruko saiakerak erudizio maila altu batetik egiten dira eta nik nahi nuen gauza askoz ere jostariago bat, digresiboago bat, infomalago bat». Eta lortu du, ondo gainera «Urteekin realismoak erakartzen zaitu gehiago, eta liburua hau izan da surrealismoaren zoramen hartara itzultzeko aitzakia».
Harkaitz Canoren ibilbidea luzea da, baina Buñuelek bezala, baditu egin nahi arren oraindik egin ez dituenak; «gehien maite izan ditudan literatura unibertsaleko pasarteak hartu, collage bat egin eta autolaguntzazko liburu deluxe bat egin nahiko nuke».
Venezuelako ohiturak, Urruzuno Literatur Sariak, Europako bidaiak eta Agnès Varda izan ditugu hizpide Durangoko Azokatik egindako Bigarren Kafea berezian.