IRRATIA

Mapa gabeko herri zaharrak

Munduko txoko asko kartografiatu gabe daude oraindik.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Gaur amaitzen dan #30daysmapchallenge, hau da, 30 eguneko mapa erronka. Finlandiako Topi Tjukanov geografoak sortu zuen 2019an, Twiterren; asmoa da hilabeteko egun bakoitzean gai ezberdinetan oinarritutako mapak sortzea eta argitaratzea #30DayMapChallenge traola erabiliz. 

Baina Euskal Herriko mapa zatitu gabe topatzea ez da erraza. Hori dela eta, Baionako Bernat Etxepare lizeoak material berezia plazaratuko du: euskara hutsean, erliebean eta gure herri osoa jasotzen duen mapa. Errealitatea irudikatzen duten mapak edukitzea oso garrantzitsua baita. 

Hala ere, munduko hiri asko eta asko kartografiatu gabe daude. Inork ez daki zehazki zenbat, baina munduan milioi bat biztanle baino gehiago dituzten hiriak egunero moldatzen dira mapa zehatzik gabe. Hiri horietako langileek fotokopien fotokopiak elkarbanatzen dituzte, erreferentzia-puntuen izenak ohar itsaskorretan zirriborratzen dituzte, kale-izenik ez duten irudi satelitalak erabiltzen dituzte edo, besterik gabe, bertakoei galdetzen diete.

Horregatik, eta 2010eko Haitiko larrialdi egoeraren ondorioz, OpenStreeMap, Mugarik Gabeko Medikuak eta Gurutze Gorriak erakundeek Missing Maps sortu zuten. Missing Maps lankidetzako proiektu irekia da; hondamendi naturalekiko, gatazka armatuekiko eta gaixotasun epidemikoekiko kalteberak diren eremuak kartografiatzea du helburu.

Urrutitik, boluntarioek OpenStreetMap-en satelite irudietatik abiatuta eremuak trazatzen dituzte. Tokian bertan, boluntarioek tokiko xehetasunak gehitzen dituzte, hala nola kaleen izenak edo larrialdietarako zentroak. Ondoren, erakunde humanitarioek informazio kartografikoa erabiltzen dute hondamendiei erantzuteko ekintzak planifikatzeko, eta ondorioz, bizitzak salbatzeko. 

Missing Maps eta mapekin erlazionatutako beste webgune batzuk aztertu ditugu Bigarren Kafean.