IRRATIA
Elkarrizketa
Estitxu Berasategi
Zuazo taldeko jokalaria

«Emaitzetan ikusten da lan ona egiten gabiltzala eta gu ere nahiko motibatuta gatoz»

Estitxu Berasategi (Usurbil, 1999) «etxera» edo «etxetik gertura» itzuliko da larunbat honetan. Bera Beraren aurka lehendabiziko aldiz lehiatuko da neurketa ofizial batean, duela bi urte talde donostiarra utzi, Usurbilen «lasaitasuna» bilatu eta aurten Zuazorekin fitxatu ostean. 

Estitxu Berasategi, Elx taldearen aurka. (Alfredo GARCIA / ZUAZO)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2017an egin zuen debuta Estitxu Berasategik Ohorezko Mailan. Bera Berarekin egin zuen debuta baina bi urtez gorengo mailan lehiatu ostean, Usurbilera itzultzeko beharra sentitu zuen. Lasaitasuna bilatu du eta orain, berriro bueltan da Ohorezko Mailan, Zuazorekin. Larunbat honetan lider den Bera Beraren aurka neurtuko ditu indarrak eta usurbildarrak ziurtatzen duen legez, «partida zaila izango da». 

Bai Bera Bera eta baita zuek ere, garaipen erosoa eskuratzetik iritsiko zarete. 

Bai, uste dut beraiek agian momentu hobeagoan daudela, Paris 92 taldea ere kanporatu baitzuten, eta ligan ere ederki dabiltza. Eta gure kasuan, nahiz eta ez dugun puntu askorik irabazi, emaitzetan ikusten da lan ona egiten gabiltzala, partidak gutxigatik galdu izan ditugu. Eta gu ere nahiko motibatuta gatoz. 

Zonzamas Lanzaroteren aurka lortutako garaipenak, psikologikoki lagunduko du euskal derbian, ezta?

Bai, hori da. Lanean ondo ari ginen eta azkenean iritsi ziren merezi genituen puntuak. Espero dut bide horretatik jarraitzea. 

Zuek bederatzigarren postuan zaudete, bi partida irabazita. Nola ikusten duzu taldea denboraldi hasiera honetan? 

Ez ditugu partida asko irabazi baina galdu ditugun guztiak, gutxigatik izan dira. Emaitza azkenean berdina da baina balorazioa ez da berdina. Ez da berdina hamar golengatik galdu edo bukaeraraino partidan egotea. Indartsu gaudela iruditzen zait eta ea emaitza on gehiago iristen diren. 

Taldea bereziki motibatuta ikusten duzu derbiari aurre egiteko edo beste partida bat balitz moduan hartu duzue? 

Askotan jokatu dugu elkarren aurka, ezagutzen gara. Derbia izate hutsagatik izan daiteke motibazio berezi bat edukitzea, bai. 

Alor pertsonalean, Bera Berarekin egin zenuen debuta Ohorezko Mailan. 

Gogotsu nago. Pare bat aldiz jokatu dut beraien aurka baina ofizialki lehenengo partida izango da. Etxera edo etxetik gertuagora itzultzeak, ea ze sentsazio uzten didan. 

Urte batzuk Usurbilen eman ostean, berriro itzuli zara Ohorezko Mailara. Prestatuago ikusi zara gorengo mailan aritzeko?

Momentu hartan uste dut atsedena behar nuela, nahiz eta ez nintzen urte asko egon. Saturatuta edo sentitzen nintzen. Etxera itzuli nintzen apur bat lasaitzera eta Zuazoaren aukera hau ikusi nuen eta aprobetxatzeko unea zela pentsatu nuen. 

Orain ari al zara eskubaloiaz disfrutatzen?

Bai, hori da. Bera Beran ez zen taldearengatik, egoerarengatik zen, ni nola sentitzen nintzen sasoi hartan. Orain berriz sentsazioak berreskuratzen nabil gutxika-gutxika eta oraingoz, gustora. 

Eta nola hartu zaituzte Zuazon? Dagoeneko guztiz egokituta?

Bai, azkenean etxetik nahiko gertu dago. Jauzia izan da baina oso ondo nago.