«Eureka! museoaren erreferentzialtasuna galduko da»
Kutxa Fundazioak iragarri du Eureka! Zientzia Museoa, Arotzenea eta Ekogunea itxi egingo dituela. Ezusteko galanta izan da askorentzat iragarpena eta erakunde publikoen inplikazio eske entzun ditugu profesional asko, Elhuyarreko zuzendari nagusi Jon Abril kasu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Zientzia eta pedagogia eremuan arbuiatu egin da Ekogunearen, Arotzenearen eta Eureka! Zientzia Museoaren itxieraren erabakia. Elhuyarrek dei egin die erakundeei soluzio duin bat bilatzera. Elhuyarreko zuzendari nagusi Jon Abrilek uste du Tabakalerara eramateak «gabezia ugari» azaleratuko dituela.
Tabakalerako gune horrek izango lituzkeen espazio eta edukiengatik baina, batez ere, galduko den «erreferentzialtasunagatik» ere kezkatuta agertu da Abril.
Eureka! zientzia museoa eta Elhuyar askotan aritu dira elkarlanean, zientzia dibulgazioan batik bat. Gazteak zientziara erakartzeko lanean «guztiz osagarria» dela bien arteko lana uste du Abrilek.
Zientzia hezkuntzak eta dibulgazioak «bestelako bultzada» behar dutela uste du eta gazteak zientziara gerturatzeko beharra dagoela.
Era berean, nabarmendu du pandemiak agerian utzi zuela jendarte kritiko bat eraikitzeko orduan zientziak duen garrantzia.
«Etengabe iristen ari dira sektore ekonomiko eta teknologikoetatik zientzialarien gabeziak. Gazteak ikasketa zientifikora gerturatzeko laguntzen du horrelako museoek, ez dugu horrelako erabaki bat ulertzen», esan du.
Erakundeen esku-hartzea
Bestetik, Idoia Mugikarekin egon gara. Eureka! Zientzia Museoan zazpi urtez aritu zen teknikari gisa. Urtero, bataz beste, 120.000 ikasle pasatzen dira museo horretatik eta jarduera oso anitzak dituzte.
Ulertzen du Kutxa Fundazioaren erabakia, «erabaki pribatua» den heinean. Alabaina, jendartearentzat «galera handia» izango dela uste du eta, gaineratu duenez, «agian, gizarte bezala, galdera da benetan prest al gauden hainbeste urtez egindako lan guztia eta sortutako sinergia guztiak galtzeko prest al gauden».
Ildo horretan, «Onkologikoarekin bezala erakunde publikoek esku hartu behar luketela» defendatu du.
Kutxa Fundazioaren azalpenak
Kutxa Fundazioak dio garai berriek baliabide berriak eskatzen dituztela eta pandemiak suposatutako galerei ezin aurre egin hartu dutela erabakia. Hiru espazio horietan 17 milioi euroko galerak pilatu dituela argudiatu du.
Kutxa Fundazioak berak esan du ez duela zientzia arloko apustua gutxituko, moduak aldatu eta Eureka! Zientzia Museoaren lana Tabakalerara eramango duela.