[08] Patagonian ere euskaraz
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Transkripzioa:
Ander:
Ongi etorri Euskal Herrira!
Ioar:
Egun on, Ander.
Ander:
Zer..., apur bat harrituta geratu al zara?
Ioar:
Zeharo harrituta. Zergatik esan didazu “ongi etorri Euskal Herrira”? Beti egoten gara hemen, Euskal Herrian.
Ander:
Gogoeta egiten ari naiz Euskal Herriaren inguruan.
Ioar:
Independentziaz? Konfederazioaz? Errepublikaz? Zeri buruz?
Ander:
Ia-ia asmatu duzu, politikaz hausnartzen ari bainaiz, baina ez maila horretako politikaz.
Ioar:
Konplikatua den zerbait esplikatu nahi badidazu, orain motel samar nago, e!
Ander:
Nahiko erraza da kontua. Zenbat lurralde ditu gaur Euskal Herriak?
Ioar:
Zazpi herrialde: bi Nafarroak, Zuberoa, Lapurdi, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia.
Ander:
Oso ondo, Ioar. Baina... niretzat euskararen herria da Euskal Herria.
Ioar:
Bai, noski. Nik ere horixe esan dut zazpi probintziak zerrendatutakoan.
Ander:
Euskararen herria baldin bada, orduan euskaldunen herria da.
Ioar:
Tira, erdara baizik ez dakitenen herria ere bai. Izan ere, Euskal Herrian bizi diren gehienek ez dakite euskararik.
Ander:
Hor dago gakoa.
Ioar:
Ez zara batere argi mintzo, Ander.
Ander:
Mundu osoan sakabanaturik daude euskaldunak. Esate baterako, Rocio Basterra argentinarra da, Patagoniakoa, eta gu bezalaxe mintzatzen da euskaraz.
AUDIOA-1 | ROCIO BASTERRA
Ioar:
Demontre! Biziki ongi egiten du euskaraz neska horrek!
Ander:
Beraz... esan al nezake Patagonian ere badagoela euskaldunen herria?
Ioar:
Ez, nire ustez ez. Guztiz exajeratua da hori.
Ander:
Zenbat euskaldun behar dira euskaldunen herri txiki bat osatzeko?
Ioar:
Ez dakit.
Ander:
Nik esanez gero, Patagoniako Viedma hirian Euskal Etxe bat dagoela, eta 25 urte dituela, eta han 50 pertsona heldu baino gehiago ari direla euskara ikasten, eta gainera 40 haur ere bai... zer pentsatuko zenuke?
Ioar:
Meritu pixka bat badutela!
Ander:
Gu bion artean zenbatuko bagenitu munduan barrena euskaraz hitz egiten duten pertsonak, kopuru ederra aterako litzateke.
Ioar:
Nire lagun batek esan ohi du, Euskal Herriak zazpi herrialde dauzkala, gehi internet. Aurrerantzean, erantsi beharko ditu munduko euskal herri txikiak!
Ander:
Nire ustea da, gurekin batera, Rocio Basterra argentinarraren antzeko euskaldunek osatzen dutela euskararen herria.
AUDIOA-2 | ROCIO BASTERRA
Ioar:
Lehen esan didazu politikari buruz gogoeta egiten ari zarela. Zer politika klaseren inguruan?
Ander:
Hizkuntzaren politika.
Ioar:
Zein arlotako politika linguistikoa?
Ander:
Bilboko Athletic Club futbol taldean euskal herritarrek bakarrik jokatzen dute. Bai edo ez?
Ioar:
Bai, Euskal Herrikoak dira Athleticeko jokalariak. Batzuk euskaldunak dira, baina beste batzuk ez.
Ander:
Nire ustez, Athleticek bere politika aldatu egin behar luke.
Ioar:
Jokalari guztiak euskaldunak izateko euskara ikastaroak eman behar lituzkete Lezaman?
Ander:
Bai, dudarik gabe. Kirolean ere garrantzitsua da hizkuntza. Baina beste zerbait proposatu nahi dut, askoz zabalagoa.
Ioar:
Zer eskatu nahi diozu Athletici?
Ander:
Mundu zabaleko euskaldunak fitxatzeko aukera oso serio hartu behar luke Athleticek.
Ioar:
A, bai?
Ander:
Erdara baizik ez dakiten jokalariak ere fitxatzen baldin badituzte, zergatik ez ditu fitxatuko Poloniako eta Argentinako euskaldunak? Euskara badakien jokalari bati zergatik begiratu behar zaio naziotasuna?
Ioar:
Oraintxe konturatu naiz zein den zure asmoa. Zuk... argentinarrez bete nahi duzu Athletic.
Ander:
Ez, ez. Nik euskaldunez bete nahi dut Athletic.
Ioar:
Jose Anjel Iribarrekin hitz egin beharko duzu. Hari jaramonik egiten ez badiote, zuri ere ez.
Ander:
Gutun bat idatziko diet. Zuk ere sinatuko zenuke?
Ioar:
Ni Osasuna zalea naiz.
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Graduatzaileak diren aditz laguntzaileak eta izen laguntzaileak.
Ioarri galdetu diot: —«Apur bat harrituta geratu al zara?».
Eta berak erantzun dit: —«Zeharo harrituta».
Ioar:
Maiz erabiltzen ditugu graduatzaileak:
—Motel samar nago.
—Oso berandu dabil.
—Sano polita da zure soinekoa.
—Arras bereziak dira dortokak.
—Azalduko gara ziur aski.
—Nahiko erraza da.
—Erabat ezinezkoa da.
—Guztiz exajeratua dirudi.
—Ez zara batere argi mintzo.
—Biziki ongi egiten du euskaraz.
Hemen entzun dezakezue Rocio Basterrari egindako elkarrizketa.