[06] Oihan Mendo «Uholdeekin jende batek dena galdu du»
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Transkripzioa:
Ioar:
Arratsalde on, Ander. Zer moduz?
Ander:
Arratsalde on, Ioar. Zu ondo, baina ni...!
Ioar:
Bustita zaude. Euria ari du, ala?
Ander:
Hemen ez.
Ioar:
Nondik zatoz?
Ander:
Nafarroa aldean ibili gara asteburuan. Uholdeak izan direnez, egun bat gehiago geratzea erabaki dugu. Laguntzen.
Ioar:
Auzolanean ibili zarete?
Ander:
Bai. Euri asko egin du, batez ere Nafarroa hegoaldeko herrietan. Arga ibaiak gainezka egin du leku askotan.
Ioar:
Ez dakit zergatik, suteak baino beldurgarriagoak iruditzen zaizkit uholdeak.
Ander:
Asteburua igarotzera joan ginen. Euria goian behean hasi zen, eta hantxe harrapatu gintuzten uholdeek. Iruñeko irudiak ikusiko zenituen telebistan.
Ioar:
Batzuk bai.
Ander:
Urak gora egiten duenean ez dago zer eginik. Geldiezina da, eta alferrik da uraren emariari aurre egitea. Errekak behera egiten duenean hasi behar da hondamenari buelta ematen.
Ioar:
Non egon zara zehazki? Iruñean bertan?
Ander:
Arga ibaiak ibilbide luzea du. Iruñetik hegoalderantz egiten du, Ebro ibairantz. Eta gu Garesen izan gara.
Ioar:
Ikusgarria da Garesko zubi erromanikoa. Ehun metro ditu, eta sei arku.
Ander:
Zinez polita da herri osoa. Korrika handik abiatu zen azken aldian, 2021. urtean.
AUDIOA-1 | OIHAN MENDO
Ioar:
Auzolan hori udalak deitutakoa al zen?
Ander:
Bai, Nafarroan ohitura handia dago. Herritarrek batera lan egiten dute, egoera zailei aurre egiteko, edo urtero adosten duten lan bat elkarrekin egiteko.
Ioar:
Zer moduz herritarrekin?
Ander:
Asko eskertzen dute laguntzea. Egoera kritikoa denean, edozein elkartasun keinu estimatzen da. Eta nafarrak, horretan ere, ez dira atzean geratzen direnetakoak.
Ioar:
Hamaiketakoa ere egingo zenuten.
Ander:
Noski. Jan eta edan, eta gero lan! Auzolanak batu egiten ditu herritarrek. Indarra ematen die.
Ioar:
Aurpegi tristeak ere sumatuko zenituen...
Ander:
Uholdeak dena kaltetu dio bati baino gehiagori.
Ioar:
Gares nekazari eremua da. Arga ibaiak onura asko ekarri ohi die, ura behar-beharrezko baita laborantzan. Baina urak handiegi datozenean, etsipengarria izango da.
AUDIOA-2 | OIHAN MENDO
Ander:
Hondamendiak gertatzen direnean, ideologien eta ezberdintasunen gainetik elkartasuna nagusitzen da. Denak batera lan ez egiteko aitzakiarik ez dago.
Ioar:
Hala izaten da herri txikietan.
Ander:
Gares ez da horren txikia. Hiru mila lagun izango dira. Han ikusiko dituzu alkatea, zinegotziak, dendariak, nekazariak, ikasleak..., bakoitza ahal duen guztia egiten.
Ioar:
Egitekoak antolatzea eta kudeatzea konplikatua izango da.
Ander:
Ohituta daude. Inguruko herrietakoak ere laguntzen saiatzen dira. Zirauki, Mañeru, Mendigorria..., herri txikiak izan arren, Garesko herritarrak laguntzera hurbildu dira. Tresnak eraman dituzte.
Ioar:
Neguan elurra izan dute mendietan?
Ander:
Klima aldaketaren beste ondorio bat izango da ziurrenik. Eguraldia zoro-zoro dabil aspaldian.
Ioar:
Beroa egiten duenean, ia lehortea. Bat-batean euria egiten du, eta uholdeak. Elurra erregularki egiten ez duenez, botatzen duenean dena arazoak.
Ander:
Aldaketa klimatikoari buruzko azalpenek ez diote ezertarako balio ondasunak galdu dituenari.
Ioar:
Ez da samurra izango tamaina horretako suntsipena gainditzea.
Ander:
Aldaketa dramatikoa!
Ioar:
Zoritxarra nagusi. Hortik ondorio baikorrik ateratzea ia ezinezkoa da.
Ander:
Jendearengan itxaropena daukat. Une txarretan ikusten da nolakoak garen, zer egiteko gai garen. Eta orduan ateratzen dira indarrak eta esperantza.
Ioar:
Zu behintzat hunkituta etorri zara.
Ander:
Nekatuta ere bai. Eta blai eginda.
Ioar:
Elkartasunez blai.
Ander:
Auzolana elkartasun erakustaldi bat da. Bolondresak, musu-truk eta trukean. Esperantza ekarri dut Nafarroatik.
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Konparaziozko perpausa, desberdintasuna adierazte aldera.
Ioarrek esan du:
—«Suteak baino beldurgarriagoak iruditzen zaizkit uholdeak».
Ioar:
BAINO hitza erabiltzen dugu konparazioetan, gehiago edo gutxiago adieraztean:
—Haiek egin dutena baino gutxiago espero genuen.
—Astiroago mintzatzen da Mikel zu baino.
—Nik esan nizun baino askoz lehenago iritsi zara.
—Neska haiek zuek baino hobeak dira pilotan.
Hemen entzun dezakezue Oihan Mendori egindako elkarrizketa.