[05] Nola lortzen da publikoaren barrea?
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Transkripzioa:
Ander:
Kaixo, Ioar. Zer moduz?
Ioar:
Ondo, Ander. Antzerki bat irakurtzen ari naiz.
Ander:
Zu, teatroa irakurtzen? Hori gauza berria da. Ea, erakutsi egidazu liburu gorri hori.
Ioar:
Tori! Patxo Telleria aktore eta dramaturgoaren obra bat da. Simplicissimus izena du antzezlanak.
Ander:
Hara! Zer da, komedia bat?
Ioar:
Kabaret bat. Bigarren Mundu Gerra ez da oraindik hasi, baina dagoeneko Hitler iritsi da boterera. Testuinguru historiko horretan kokatuta dago obra, Berlin hirian.
Ander:
Zeinen interesgarria!
Ioar:
Kabaret horretako hiru komikoetatik bi juduak dira. Benetan Alemanian bizi izan ziren hiru aktore ospetsuri buruzkoa da kontakizuna.
Ander:
Tristea izango da... Istorio batean juduak agertzen direnean, kontzentrazio esparruetan sartzen dituzte.
Ioar:
Umoretsuak eta transgresoreak dira pertsonaiak. Errealitate politikoa gordina denez, ikuspuntu absurdoarekin barre egiten dute.
Ander:
Patxo Telleria bilbotarra da. Telebistan eta zineman ere lan egin izan du.
Ioar:
Bai. Euskal Herriko aktore onenetako bat da; eta komediaren arloan, maisu bat.
Ander:
Kontu zaila da umorea, exijentzia handikoa. Antzokian jendeak barre egin dezan, oso serio hartu behar da lanbidea.
Ioar
Ez izan dudarik.
AUDIOA-1 | PATXO TELLERIA
Ander:
Zuk ba al dakizu txisteak kontatzen?
Ioar:
Bai zera! Berez, asko gustatzen zaizkit. Baina, kontatzen hasten naizen aldiro, trabatu egiten naiz.
Ander:
Umoreak hiru kondizio bete behar ditu gutxienez.
Ioar:
Zein da aurrenekoa?
Ander:
Umoristak hizkuntzaren mekanismoak ongi menderatzea.
Ioar:
Ados. Eta bigarren baldintza?
Ander:
Entzulea prest egotea, hizkuntzazko jolasak ulertzeko.
Ioar:
Bai, bai, giro aproposa behar da barre egiteko.
Ander:
Ustekabeko efektu batek barrea eragin dezakeen arren, normalean giroa berotu beharra dago.
Ioar:
Eta hirugarren baldintza zein da?
Ander:
Ez naiz gogoratzen.
Ioar:
Hau marka! Ahaztu egin zaizu?
Ander:
Ez, txantxetan ari nintzen. Hirugarren baldintza... memoria da.
Ioar:
Zer ikusi daukate umoreak eta memoriak?
Ander:
Memoria behar du umoristak, kontakizunaren haria graziaz eramateko. Eta memoria behar du entzuleak, hariaren graziaz konturatzeko.
Ioar:
Nire ustez, badakizu zein den sekretu nagusia?
Ander:
Esan.
Ioar:
Besteek barre egiteko, lehenbizi geure buruaz barre egitea komeni da.
AUDIOA-2 | PATXO TELLERIA
Ioar:
´Simplicissimus´ antzezlanean umoreari buruzko esaldi polit bat ageri da.
Ander:
Bota.
Ioar:
Zortzigarren partean dago.
Ander:
Bilatu. Ez daukat presarik.
Ioar:
Hementxe dago. Honela dio: «Umore mota bi daude: jatorra eta zitala».
Ander:
Zeharo diferenteak izango dira!
Ioar:
«Umore jatorrak boteretsuen kontura barre egiten du. Umore zitalak, zapalduen kontura».
Ander:
Zapalduen kontura barre egiteak ez du graziarik.
Ioar:
Hala ere, egia da edo ez da egia, beti norbaiten kontura barre egiten dugula?
Ander:
Baliteke... Ez nago seguru.
Ioar:
Ez diogu barre egiten bizikletari edo hegazkinari, itsasoari edo ilargiari.
Ander:
«Aita... Zer dago urrunago, Tafalla edo ilargia?». Eta aitak haurrari: «Zuk ongi begiratu». Handik gutxira haurrak diotso: «Listo!». Eta aitak, orduan: «Zer? Ikusi al duzuT afalla?».
Ioar:
Oso txarra!
Ander:
«Zer esan dizu medikuak?«. «Ba... bietako bat: haragirik ez jateko edo edateari uzteko». «Eta zer egingo duzu?». «Medikua aldatu».
Ioar:
Ixo!, mesedez.
Ander:
«Aizu, gustatzen al zaizu rock progresiboa?». Eta lagunak erantzun: «Bai! Gero eta gehiago!».
Ioar:
Adio, ni banoa. Ez dut trena galdu nahi. Bostetakoa hartu behar dut.
Ander:
Egon, egon, egon. Azkenekoa.
Ioar:
Ezta pentsatu ere.
Ander:
Bikote bat ohean sartu da, eta neskak esan dio...
Ioar:
Bihar arte, Ander.
Epilogoa - Beti ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Euskarazko interjekzioak.
Interjekzio batzuk azaldu dira solasaldian.
Anderrek esan du: —«Ea, erakutsi egidazu liburu gorri hori».
Eta nik esan diot: —«Tori!».
Tori! interjekzioa norbaiti dei egiteko erabiltzen da, eta esan nahi du: HARTU.
Ander:
Era askotakoak izaten dira interjekzioak.
Adibidez, kaixo, agur egiteko erabiltzen da.
Adibidez, hara!, harridura adierazteko esaten dugu.
Kontxo! eta demontre! harridurazkoak dira baita ere.
Arraioa!, haserrea adierazteko da.
Ioar:
Ai ene!, hunkipen sentimendua agertzeko erabiltzen dugu.
Kontuz!, norbaiten arreta pizteko, esateko arriskuan dagoela.
Aizu!, arreta eskatzeko da.
Auskalo! esaten dugu, zerbait ez dakigunean.
Listo! esaten dugu, bukatu dugula edo nahikoa dela adierazteko.
Hemen entzun dezakezue Patxo Telleriari egindako elkarrizketa.