IRRATIA
Elkarrizketa
Karmele Gisasola
Herri-kirolaria

«Behin hasieratik aurretik baldin bazoaz, beste lasaitasun batekin hartzen duzu saioa»

Karmele Gisasola "Zelai III.a" nagusitu zen emakumezkoen banakako I. pentatloi txapelketan. 19 minuturen azpitik gelditu zuen kronoa eta oso gustora agertu da mallabiarra. Euskal Herriko harrijasotze txapelketa izango du hurrengo erronka eta urtea bukatu bitartean, «zer egina» badagoela adiera du. 

Karmele Gisasola. (Oskar MATXIN / FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Banakako pentatloiko lehen emakume txapelduna dela oraindik ere barneratzeko prozesuan dago Karmele Gisasola "Zelai III.a", hori barneratzea «zaila» delakoan dago. Larunbatean, Azpeitian, lehen aldiz jokatu zen emakumezkoen banakako pentatloia eta mallabiarra izan zen nagusi, Lucia Orbe eta Garazi Arrutiren aurretik. Etxean «denak pozik, hunkituta eta oso gustora» daudela mintzatu da NAIZ Irratian. 

Ospatzeko modurik izan al duzu?

(Barre) Ez askorik. Pixka bat egon nintzen lagunekin baina atzo erakustaldi bat eduki nuen Lucia Orberekin batera eta beraz, beste egun baterkao utziko ditugu ospakizunak. 

18 minutu eta 57 segundoan geratu zenuen kronoa. Sekulako denbora izan zen. Aipatzen zenuen, enbor lodixeagoekin bada ere, etxeko denbora dezentean jaitsi zenuela. 

Bai, etxean enborrak apur bat handixeagoak ziren. Bestalde, egurretan ere aldea egoten da, egur ona izan edo apur bat lehorragoa izan. Azpeitikoak oso egur onak izan ziren eta egindakoa eginda. 

Ezarritako markarekin oso pozik, ezta?

Bai, oso gustora. Ez nekien zenbat denboran ibiliko ginen, besteak nola ibiliko ziren ere ez nekien; orduan, bada ondo. 

Proba guztietan aurretik izan zinen, Orbe izan zenuen gertu, baina korrika saioan hortzak estutu eta garaipena eskuratu zenuen. Zein sentsazio izan zenituen proba guztian zehar?

Behin hasieratik aurretik baldin bazoaz, horrek lasaitasuna ematen dizu. Beste lasaitasun puntu batekin hartzen duzu saioa. Egia da korrika apur bat estu hasi nintzela eta nahikotxo sufritu nuela. 

Lan asko egingo zenuen hilabete guzti hauetan, eman du fruitua lan guzti horrek, ezta?

Bai, uste nuena baino prestakuntza gehiago eskatzen duen txapelketa da. Bost modalidadetan ibili behar zara ondo antzean eta aizkoran ez da ikasten egun batetik bestera. Pasa den urtean hasi nintzen aizkoran eta oraindik ere badaukta zer ikasi. 

Duela hilabete batzuk aipatu zenuen NAIZen eginiko elkarrizketan, ba sekula ez zelako neskarik plazaratu pentatloi batean eta aldaraketak egon zitezkeela. Argi eta garbi erakutsi duzue emakumezkoen pentatloiak baduela tokia eta sekulako ikuskizuna emateko aski gai zaretela. 

Bai, hori da. Nik hori ikusi dut behintzat edo hori helarazi didate ingurukoek. Gure txapelketarekin ere gozatu zutela, denak animatzen egon ziren eta ikusteko ere polita izan zela. Eta gu bada, pozik. 

Aurten hiru izan zarete, datorren urtean animatuko al dira gehiago?

Ba nik uste dut binakakorako bai animatu daitezkeela beste batzuk baina banakakorako bada, ez dakit. Oxala baietz! Saiatuko gara gainontzekoak zirikitzen ea animatzen diren. 

Orain, atsedentxo bat edo zer daukazu buruan aurrera begira? 

Atseden handirik ez ze hilabete barru Euskal Herriko harrijasotze txapelketa daukagu eta aurrera begira ingudeko torneo bat eta Euskal Herriko txapelketa, aizkorako Urrezko Kopa… Urtea amaitu arte badaukagu zer egina.