Atxondo izango dute topaleku beste bizi eredu bat nahi eta AHTren kontra daudenek
Ostiral honetan hasi eta igandera bitarte, bestelako eredu bat posible dela eta AHT bezalako «eredu suizidak» albo batera utzi behar direla aldarrikatuko dute Atxondon AHTren aurkako Akanpadan. Aurtengo edizioaz mintzatu gara antolatzaileekin Informazioaren Harian.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Iruñetik Atxondora AHTren aurka dauden dozenaka pertsona iritsiko dira ostiral honetan bizikletaz. Atxondon, ostiral honetan hasi eta igandera bitarte, bestelako eredu bat posible dela eta AHT bezalako «eredu suizidak» albo batera utzi behar direla aldarrikatuko dute akanpada baten bitartez.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Atxondo beti izan da borroka honen herri erreferente bat eta orain, AHTa eraikiko duten makinak udalerrira heldu direla ikusita, berriro aktibatzea erabaki dute inguruko herriekin batera.
Atxondo, Abadiño, Elorrio eta Durangaldeko herritarrek batu eta ekimen «potente» bat egiteko beharra ikusi zuten. Izan ere, akanpadan ekintza desberdinak antolatu dituzte.
Azaldu dutenez, adin tarte guztietarako pertsonentzat egitarau zabala prestatzen saiatu dira. Gaur bazkari autogestionatu batekin emango diote hasiera akanpadari. Ondoren AHTaren aurkako mugimenduari buruzko hitzaldi bat egongo da.
Larunbatean, tokiko nekazarien azoka, tailerrak, hitzaldiak, bazkaria eta manifestazioa (18.30ean ‘Noraezeko abiadurak helmuga tinkorik ez! lelopean) egongo dira.
Igandean, akanpadari bukaera emateko, hitzaldiak eta tailerretaz gain, ekitaldia eta kontzertua egongo dira arratsaldean.
Haurrentzako ere ekintzak izango dira asteburu osoan zehar, besteak beste, ipuin kontalariak, erreka jaitsiera eta abentura parkea.
Covid-19a dela eta, jende pilaketak saihesteko hainbat gune jarri dituzte.
«Horrela, AHTak suposatzen duen eredu kapitalista honek baduela alternatiba. Gu herrian eta lasai bizi nahi dugula aldarrikatzen dugu. Eta herria bizirik nahi dugula», aipatu dute antolatzaileek