«Pedalkadaz etxeratuko ditugu presoak»
Bihar hasi eta larunbata bitarte biziklera martxa antolatu du Sarek. Hiru etapa izango dira, leku ezberdinetan hasi eta amaituta. Presoen etxeratzean «fase berri batean» sartu garen arren, eman beharreko urratsak «azkartzeko» herritarren dinamika berebizikotzat jo du Inaxio Oiartzabalek.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Azken hiru-lau urteetan bizikleta gainera igo ohi dira uztailean Euskal Herriko txoko ezberdinetan Sarek antolatuta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko aldarria eramateko. Bihar izango dute lehen irteera, Nafarroan, Garesen zehazki. 82 kilometro egin eta Oionera iritsiko dira. Bigarren etapan, ostiralean, Sopelatik Mundakarako 43 kilometroak egingo dituzte; eta azkenik, Zumaiatik Donostiara joango dira larunbatean.
«Edozeinek egin dezakeen bide eta erritmoa» dela esan du Inaxio Oiartzabalek, Sareko kideak eta jendea animatzera gonbidatu. Gainera, osoa egin ordez zati bat ere egin daiteke. Aldez aurretik izena ematea eskertuko dute, garai hauetan bete behar diren neurriak kontuan hartzeko.
Presoen egoerari begira jarri eta hamarkada askotan oso presente egon diren kartzeletan ez dagoela inor gogoratu du, ez Andaluzian, ez Galizan eta ez Valentziako espetxetan. Hala, hurrengo faseari ekin eta indarra euskal preso guztiak Euskal Herriratu ez ezik, hirugarren gradua lortzeko, baldintzapeko askatasunerako eta beste hainbat urratserako jarriko dute Saretik.
Egun Madrilen dauden oztopoak gainditzeko arlo politiko eta judizialaz gain, herritarren dinamika berebizikoa dela uste du Oiartzabalek, eta bizikleta martxa bezalako ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.