IRRATIA
Elkarrizketa
Uxue Otxoa
Kirol psikologoa

«Ez dut ulertzen nola taldeko liderrek ez duten maillot horiarekin entrenatzen»

Lehian aurkituko ditugun baldintzetatik ahalik eta gertuen entrenatu behar dela dio Uxue Otxoa kirol psikologoak. Errendimendua ez baita dena fisikoa, arlo emozionalak badu bere pisua.

Uxue Otxoa kirol psikologoak

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Uxue Otxoa kirol psikologoa eta errendimendu handiko bideratzailea da.  Ongi ezagutzen du txirrindularien jarduna, lan egin du taldekako zein banakako prestaketetan. Prozesuaren eta emaitzaren helburuak ezartzea, pentsamendu eta emozio distraktoreak minimizatzea edota lehia aurreko errutina sendoa sortzea dira kirolariekin lantzen dituen baloreetako batzuk. TourraNAIZ kontakizunera gonbidatu dugu, eta harekin hausnartu dugu lidertza argi batek ekar lezakeen presioaz, txirrindulariek pairatzen dituzten ohiko beldurre eta talde batzuen polizefalia estretegiaren albokalteez...

TourraNAIZ emankizunetan gehien errepikatu den esaldia «Tourra, Tourra da» izan da ezbairik gabe. Bira honek horixe baitu berezi, dena dela posible lehen etapatik azkenera. «Tourrak beti dauka beste kutsu emozional bat» dio Uxue Otxoak.  «Tentsioa eta estresa handiak dira eta horrek exigentzia emozional eta psikologiko handigoagoa dakar. Bai sailkapen orokorra lehiatzen duenarentzat, baita etapa bat nahi duenarentzako», gaineratu du. «Niri Roglic adibide bezala jartzea asko gustatzen zait. Erabat konsziente da zenbateko ardura duen arlo mentalak. Aurreko urteko azken erlojupekoan bizitakoaren harira,  irakurri nion bere buruari galdetu ziola: egin dut nire esku zegoen guztia? eta erantzuna bai izan zen», eta hortik aurrera gutxi gehiago egin daiteke Otxoaren ustez, aurkariak egiten duena ez baitago norberaren esku. 

«Erlojupeko hura estres handiko eguna izan zen Roglicentzat. Erronozimendua egin, egunean bertan josi zioten jantzia, eta horrek denak estres handia suposatu zion. Akats horietatik ikasi eta hori guztia sahiestea da helburua».  Beldurretatik ikaskuntzak atera behar dira eta planifikazioa aldatu. Roglicek hala egin ote zuen ezin jakin, lehendabiziko asteko erorketen ondorioz nahi baino lehenago agurtu baitzuen Tourra.  «Beldurra beharrezkoa da, presioa sentitzea pribilegio bat da. Baina gure esku dagoen horretan jarri behar da harreta, ez beste ezertan, eta horixe da zailena» azaldu du Uxue Otxoak.

22 urte ditu Tourraren irabazleak, eta gaztea bada ere bigarrena da Tadej Pogacarrentzat. Esnoveniarrak lanketa psikologikoren bat ba ote duen galdetuta, bizi erantzun du Otxoa psikologoak «Ba, espero dut baietz». Otxoaren ustez, «ez baita erreza gaztetasun horrekin Tourra irabazi eta eskaparate guzti horren parte izatea».

Lanketa ezberdinak egin ditu txirrindularientzat Otxoak. Bakarka eta taldeka eraman ditu prozesuak aurrera. Adibidez, Caja Laboraleko emakumeekin egin zituen hainbat sesio talde kohesioa lantzeko. «Txirrindularitzan nahiz eta taldean lehiatu, bakarka entrenatzen dute. Gutxi ezagutzen dute elkar. Kezka eta helburu pertsonalak dituzte, baina helburu eta beldur kolektiboak ere». Banakakko lanketa oso ezberdina dela dio Otxoak. «Bakoitza bere behar eta beldurrekin etortzen da. Emozio mailan, emozio denak dira beharrezkoak. Ez dago emozio positibo edo negatibo bat, emozioak nork berak kontrolatu behar ditu».

Otxoarentzat oinarria da begirada norberarengan jartzea eta ez kanpoan. «Zein punturarte dago zure esku urrezko domin bat lortzea? Ba ez dago zure esku %100ean. Baina zer egin dezakezu zuk zure %100 emateko?...Ba, hori da helburua!. Eta behin hori eginda urrea lortzen badugu, ongi! Zorionak!».

Entrenamenduek bere biziko garrantzia dutela ere nabarmendu du Otxoak. Lehian bizi den testuingurutik ahalik eta gertuen entrenatu behar dela iritzi dio, horregatik ez du ulertzen nola txirrindularitza taldeko liderrek ez duten entrenatzen elastiko horia jantzita «Elastiko horrek inpaktu positiboa edo negatiboa izan dezake, baina argi dago inpaktua baduela. Nire emozioarentzat ezezagunak diren estimuluak dira, eta argi dago nire errendimendua ez dela iguala izanen estimulu horiek ez baditut ezagutzen.» Kontutan hartu behar baita «errendimendua interazkio bat dela. Estrategikoki, fisikoki, taktikoki, psikologikoki zein teknikoki sortzen diren interakzioen ondorioa da errendimendua, ezin da arreta fisikoan soilik jarri» azaldu du kirol psikologoak.