Xabier Ugartemendia [LAB]: «Langileei egindako beste iruzur bat da pentsioen erreforma berria»
Espainiako Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek pentsioen erreformaren inguruko aurreakordioa lortu dute. ELA eta LAB sindikatuak, ordea, kritiko azaldu dira erreforma horren aurrean. Hori azaldu asmoz, gurean izan dira ELAko Janire Landaluze eta LABeko Xabier Ugartemendia.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Espainiako Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek pentsioen erreformaren inguruko aurreakordioa lortu dutela iragarri dute berriki. Eta horren harira, ohar bateratua kaleratu zuten CCOO eta UGT sindikatuek. Hiru ardatz biltzen dituen akordioa da, oro har, ohar horretan azaltzen denez: KPIaren araberako pentsio igoera, PPren garaian onartutako jasangarritasun faktorea indargabetzea eta erretiroa atzeratzen dutenei pizgarriak ematea. Gainera, erretiroa aurreratzen dutenei neurri zigortzaile handiagoak ezarriko dizkiete.
UGT eta CCOO pozarren agertu dira erreformarekin, baina, ELA eta LAB sindikatuak, ordea, kritiko azaldu dira. ELA sindikatuko Azterketa Bulegoko Janire Landaluzek azaldu digu negatiboki baloratu dutela erreforma: «Guk negatiboki baloratu dugu erreforma, pentsiodunen ibilbidearen murrizketan beste urrats bat delako». Gainera, langileei egia kontatu behar zaiela aldarrikatu du: «Langileei egia kontatu behar zaie, esan behar zaie funts batzuk datozela murrizketa batzuekin».
LAB sindikatuak ere ez du positibotzat jo pentsioen gaineko azken erreforma hau, Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduradunak esan digunez. Bere hitzetan, langileei egindako beste iruzur bat da: «Gure ustez langileei egindako beste iruzur baten aurrean aurkitzen gara; saldu digute aurreko erreformaren hobekuntza gisa, baina esan behar dugu murrizketek bere horretan jarraitzen dutela». Jubilazioaren aurreratzea ere kaltetzen duela adierazi du Ugartemendiak, eta ondorioz, langile horiek, berriro ere kaltetuta ateratzen direla.
Landaluzek argi ikusten du zein diren akordio berri honek jarraitu nahi dituen ildoak: betikoak direla nabarmendu du, geroz eta helduago iristea jubilaziora, eta sistematik lehenago atera nahi duten horiek zigortzea. Argi du, gainera, eztabaida hau politikoa dela eta aberastasunaren banaketarekin hertsiki lotuta dagoela: «Pentsioen auzia eztabaida balitz bezala saldu digute, baina eztabaida politiko bat da eta aberastasunaren banaketarekin guztiz lotuta dago».
Ados dago Landaluzerekin Ugartemendia ere. Esaten baitu, berriro ere ahalik eta beranduen jubilatzearen eta ahalik eta diru gutxien jasotzearen aldeko apustua egiten duela erreforma honek. Eta, horren harira, konponbide gisara, Ugartemendiak uste du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku hartze bat izango litzatekeela egokiena: «Gure ustez Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua eztabaida horretan sartu behar dira bertako pentsio-sistema bat lortzeko, zeinak benetan pentsio duinak bermatuko dituen».
Ugartemendiaren ildo beretsutik mintzo da Landaluze. Izan ere, haren ustetan, pentsioetara diru gehiago bideratu behar da sistema duin bat bermatu ahal izateko: «Gure ustez, sistema duin bat bermatzeko eta prestazioen handitze bat emateko diru kopuru gehiago bideratu behar da pentsioetara, eta hori posible izango da soilik finantzaketa-sistemaren aldaketa batekin eta iruzur fiskalari aurre eginez».