«EH Bai da ezkerreko alternatiba eta hori azalarazi behar diegu hautesleei orain»
Emaitzarekin pozik, «baina apaltasunarekin» hitz egin du Anita Lopepek hauteskunde biharamunean, izan den abstentzio handia tarteko. Bigarren itzulira begira orain arte EH Bairi botoa eman ez diotenak konbentzitzen jarriko dituzte indarrak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Aurrerapauso historikoa eman du EH Baik hauteskunde departamentalen lehen itzulian, bigarren indarra dira abertzaleak eta ezkerreko alternatibaren erreferentzia.
Biharamunean emaitzen balorazioa egin du Anita Lopepek, Mendialdeko hautagai abertzaleak.
Emaitza positiboak dira zuentzat?
Guretzat emaitza biziki onak dira; hala ere, apaltasunarekin hartu behar dira, ikusita abstentzio maila izugarria izan dela. Aurreikusten genuen abstentzio handia izango zela, kanpaina berezia izan delako. EH Bairen aldetik egin ahalak egin ditugu egoera hori itzultzeko eta agian horrek azaltzen du gure emaitza ona.
Zeren sintoma da horren abstentzio altua?
Kanpainaren berezitasuna kontuan hartu behar da. Azken asteetan sentitzen genuen ez zela batere girorik, jendeak ez zuen buruan bozka hitzordua; baina hori baino sakonagoa ere bada. Abstentzioa handituz doa, baita hurbileko hitzorduetan ere, mugimendu politiko guztiok badugu sakoneko hausnarketa egiteko, jendea urruntzen ari delako hauteskundeetatik eta instituzioetako lanetatik ere.
Kantonaletan politika egiteko molde zaharkituegi bat dago, gainera, klientelismoan oinarritzen dena, ikusgarritasun edo irakurgarritasun gutxirekin. Adibidez, jakin behar da eskuina eta zentroko indar guztiak elkarturik aurkeztu direla, baina eskualdeko bozketan elkarren aurka aritu dira. Guzti horrek ematen duen irudia politikaz ez da biziki baikorra eta nik uste horrek ere urruntzen duela jendea politikatik eta hauteskundeetatik.
Bigarren itzulira begira jarrita, non egingo duzue indar?
Bi zentzutan egingo dugu. Lehena ezkerreko beste indar eta bozkatzaile guztiei begirakoa; argi ateratzen da hauteskunde honetatik EH Bai dela Ipar Euskal Herriko ezkerreko alternatiba eta hori azaldu behar dugu, orain arte EH Bai bozkatzen ez duten ezkerreko hautesleak konbentzitu behar ditugu. Bigarrena, abstentzionistei buruzkoa da, hor ere bada lan handia egiteko, abstentzionistak konbentzitzeko euren eskutan dutela lurralde honen geroa alde batera edo bestera trenkatzeko aukera.
Zerori lehian izango zara Mendialdean, zer babes espero duzue? Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan hirugarren indarrak iragarri du EH Bairen aldeko botoa...
Bai, kantonamendu horretan aski naturalki egin da. Gero, gertatzen dena da beste kantonamendu askotan, Euskal Mendiaren kasuan, adibidez, hiru hautagai soilik ginela eta besteak alderdi komunistakoak dira, zailtasunak dituzte horiek gu babesteko gure abertzaletasuna dela eta. Hendaian lehia ezkerreko bi hautagaitzen artean izango da, hor jokatuko dena da beste hautagaien bozak nola banatuko diren bi lehiakideren artean.