Makroetxaldeak: «‘Hau ez da gure eredua’ esatea ez da egia»
Euskal Herrian ‘makro’ gutxi egon arren eredu intentsiboaren aldeko apustua agerikoa dela nabarmendu dute Gelditu Makinak saioko solaskideek. Auziak ertz asko ditu, noski; adibidez, intentsiborik gabe mantendu daiteke egungo kontsumo eredua?
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
«Bazen garaia Garzon batetaz ongi hitz egiteko, kasu honetan Albertoz...», hala hasi du Maite Aristegik makroetxaldeen inguruko solasaldiaren tartea Gelditu Makinak saioaren 15. atalean. Hortik aurrerakoan bat egin dute hiru solaskideek auzi honek mahai gainean jartzen dituen kontraesenen inguruan.
Espainiako Kontsumo ministroak makroetxaldeen inguruan esandakoek eztabaida luzea sortu dute, han lehenbizi eta hemen gero. Euskal instituzioek gurean halako arazorik ez dagoela diote, «hori gezur handi eta potolo bat da», Aitziber Saroberen hitzetan. Tamainaz gain nekazaritza, eta bereziki abeltzaintza, intentsiboaren aldeko apustu garbia egin da bere hitzetan azken urteetan.
«Gure ereduan intentsifikazio eta kontzentrazio izugarria eman da. Azken hiru hamarkadetan, Europa mailan sektore batzuetan kontzentrazio eta intentsifikazio handiena eman den tokia da Hego Euskal Herria, behi esnetan adibidez», azpimarratu du Aristegik, zentzu horretan.
Sarobek gaineratu du badagoela beste alde garrantzitsu bat eztabaida honetan, jasangarri gisa hartuko lituzkeen etxalde horiek ez liratekeelako gai izango inolaz ere eskaera asetzeko.
Intentsiborik gabe, ordea, zein litzateke egoera? «Zer da jasangarria? Eta jasangarria nahikoa litzeke gure kontsumo ohiturak asetzeko?», galdera hori mahai-gaineratu du Jokin Aldazabalek.
Ertz askoko gaia, ezbairik gabe, «intentsiboaren inguruko eztabaida zintzo baten beharra» jarri dute mahai gainean hiru solaskideek.