IRRATIA

«Nire aurkako epaiketa da ikusi dudana; eta ez, hau ez zen Irune Costumeroren aurkako epaiketa»

Egun «nekagarriak» eta «oso gogorrak» izan dira azken hiruak Irune Costumerorentzat, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurkako epaiketa amaitu eta biharamunean ebazpen azkar bat espero du, «eta alaba etxera itzultzea ahalik eta azkarren». 

Irune Costumero. (Aritz LOIOLA / AFP)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Nekatuta, baina «pozik eta harro» dago Irune Costumero Bizkaiko Foru Aldundiaren aurkako epaiketa amaitu berritan. 2017an kendu zioten alaba balizko gurasoen alienazio sindromea argudiatuta eta hau salatzeko auzitegira eraman ditu Aldundiko arduradunak, «nire kasuaren berri galdetuz kazetariek Foru Aldundira deitzen zutenean zoro bat nintzela eta auzia ez zela inora helduko zioten. Ba iritsi naiz, eta hiru egunetan hor egon behar izan dira entzuten dena». 

Epaiketa «gogorra» izan dela adierazi du Costumerok NAIZ Irratian, besteak beste sentsazioa izan duelako bera zela akusatua, «baina epaiketa ez zen Irune Costumeroren kontra, hiru egunetan nire aurkako epaiketa ikusi dut, baina ni ez nintzen akusatua, ni ez naiz akusatua, Irune Costumero da akusatu duena». 

Uste du auzian zehar ez dutela dena behar bezala azaltzeko aukerarik izan, maiz moztu dutelako euren argudioa, baina uste du ondo argudiatu dutela euren posizioa, aurkeztu duten audio probak agerian utzi duela alaba bere gogoaren kontra eraman zutela aitarekin eta ondorioz aldeko ebazpen bat espero du, «hor daude probak eta espero dut bihotzez epaileak argia ipintzea». 

«Nire umean pentsa dezatela behingoz»

Foru Aldundiaren presio gaitasunaz kezka du, uste du epaiketan ere nabaritu dela hori, baina auzitegian konfiantza duela eta «behingoz umean pentsatzea» espero duela, «hiru egunetan inork ez du pentsatu beragan». 

Denbora guzti honetan alabari egindakoa «tortura izugarria» izan dela dio eta ebazpen azkar bat espero duela, «ahalik eta azkarren iritsi dadila ebazpena eta espero dut nire umea etxera bueltatzea, hori da desio dudana bihotzez».