Paula Olaz: «Musikak mundua aldatu dezakeela sinesten dut»
Paula Olaz soinu banda konposatzailea da. Bere jarduna ez da mugatzen film, antzerki edota dantza saioak musikaz apaintzera: bere konposizioek zerbait gehiago eransten die, bere baitan arakatu eta bizitakoak entzuleak beren azalean sentitu ditzan. Musikaren boterea aldarrikatzen du.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ama sopranoa, aita Iruñeko Orfeoiko abeslaria, anaia eta biak haurtzarotik Burlatako musika eskolako ikasle, Paula Olazen bizitza musikaz zipristinduta egon da bere sortzetik. Halakoetan bi aukera izan daitezkeela aipatuta, musika maitatu ala gorrotatzea alegia, barru-barrutik atera zaio konposatzaile iruindarrari bere bizi-filosofiaren ardatz ere izan daitekeena: «Baina, nola gorrotatu musika?».
Piano ikasketak egin zituen, bere hitzetan ordea ez omen zen piano-jole apartekoa, baina teklatu aurrean jarri eta piezak inprobisatzen zituen, oharkabean ari zen dagoeneko bere bizitzari soinu banda jartzen. Horretara bideratu zituen ikasketak ere, Berklee College of Music-en egin zuen soinu banden konposiziorako masterra.
Maite du musika Paula Olazek, sinesten du musikaren boterean, jendearen erraietara iristeko daukan gaitasunean, eta sinesten du musikaren bitartez mundua ere aldatu dezakegula.
Ez da ordea, hitz, ideia eta aldarrien efimerotasunetan galtzen denetarikoa Paula Olaz. Bere sinesmenak egunerokoan, hankak lurrean eta jendearekin harreman zuzenean lantzen ditu. Baionako ARI (Anthropological Research Institute on Music Emotion and Human Societies) institutuan egiten du lan ikertzaile gisa. 'Aztarnak' izeneko proiektua zuzentzen du bertan. Gizartean babes gutxien dutenekin lan egiten du bertan, migratzaileekin kasu honetan, eta musikaren unibertsaltasunaz probestuz, jatorri eta hizkuntza ezberdinetako hainbat pertsonarekin, inprobisazioa abiapuntutzat hartuta soinu banda bat sortzen ari dira.
Dagoeneko 32 urte dituela dio, 32 urte baino ez dituenean, bere ibilbide profesionalari erreparatuta besterik pentsa bagenezake ere: Pascal Gaingeren laguntzaile izan da 'La trinchera infinita', 'Remember me', 'Handia', 'Dantza', 'Errementari' edota aste honetan estreinatuko den 'Ilargi guztiak' filmaren soinu bandak osatzen. Lara Izagirreren 'Nora' filmaren soinu bandak ere bere sinadura du, eta berriki estreinatu den Mariana Barassi zuzendariaren 'Crónica de una tormenta' luzean entzun daitezkeen doinuak ere bereak dira.
Led Silhouette dantza konpainiaren 'Lys' obraren musika egiten ari da, eta baita Ze onda antzerki taldearen 'Tempus fugit' obrarentzat ere. Donostiako Larrotxene Kultur Etxean soinu banden inguruko ikastaroak emateko beta ere harzten du eta Quartet records zigilu diskografiko entzutetsuarekin 'Armadas' dokumenatalaren soinu banda argitaratuko du. Zigilu hau estatuan soinu bandendei dagokienez garrantzitsuena da, eta bi emakume konposatzaile soilik daude bertan, bat Paula Olaz bera.
Bideo jokoei musika jartzen ere aritzen da:«Izugarri disfrutatzen dut, bestelako enkarguekin baino askeago sentizten naiz» 'Tzuki´s plan b' bideojokoaren musika konposatu du oraintsu, beta bertsioa dohan deskargatu daiteke www.tzukisplanb.com webgunean.
Kontatutakoak eta kontatu gabe geratu zaizkigun beste horrenbeste lan eta proiektu ditu ditu Paula Olazek esku artean, edo beharbada bihotz- erraietan esan beaharko genuke, bertatik datozelako eskaintzen dizkigun doinu guztiak, norberaren sentimentuetatik besteenetara iritsiz, mundu hobe bat eraiki dezakegula sinestuta.