IRRATIA

‘Bagoi hutsak’ bete asmoz itzuli dira Postal Kolekzionistak

Tolosako taldeak bigarren lan luzea kaleratu berri du eta lehen emanaldiak izango dituzte datozen egunetan Postal Kolekzionistak taldekoek. ‘Bagoi hutsak’ izeneko diskoa aurkezteko MusikHaria saioan izan da Iñigo Asensio, kantuen sortzaile eta idazlea.

Tolosako Leidor antzokian aurkeztuko du lan berria Postal Kolekzionistak taldeak.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Iñigo Asensio da Postal Kolekzionistak taldeko trenaren makinista, bera delako kantuak sortzen dituena eta taldea xaxatzen duena. Hortaz, esan dezakegu berak trena martxan jartzen duela. Baina postaria ere izan daiteke, taldekideetako bat, Juanjo Falcón Toledon bizi delako eta posta bidez iristen direlako haren grabaketa asko eta hortik gero zabalkundea egin behar izaten duelako. Postal Kolekzionistak bidaiekin lotutako proiektua da, aireportu eta hegazkinetan sortutako abestiak direlako gehienak, nahiz eta ‘Bagoi hutsak’ izena duen diskoak. Baina ‘Aireportuak II’ kantua dago tartean, aireportu batean sortu zelako abestia, ia-ia aurreko diskoko ‘Aireportuak’ kantuari segida ematen diona.

Urtean 100 inguru egun ematen ditu Iñigo Asensiok etxetik kanpora eta bidaietan sortzen diren atseden uneetan sortzen ditu abestiak. «Kantuek badute postaletik asko, igorle edota helburu bat badutelako, sortu diren tokiena edota bidaliko nituzkeen tokiena. Eskala berezi asko izan ditudala ere aipatu beharra dago. Bereziena, akaso, Indian hegaldi bat galdu nuenekoa da, Hong Kongera joan behar nuen bitartean. Baina gerora egin beharra neukan beste bidaia baterako hegaldia bertan behera geratu zenez, ongi etorri zela esan daiteke. Misio batean, Suraten, hartu ninduten eta mugikorrarekin erotuta ibili nintzen estaldura bila. Lau egun nituen Mumbaira joan eta handik Osakarako bidaia ekin aurretik eta ia 37 orduko bidaia osatu nuen buakerarako, bidean taxia, trena eta hegazkina hartuz», gogoratu du Asensiok.

Trenak eta Indiak badute gainera garai kolonialeko kutsua eta dotoreziarekin lotu izan da askotan, nahiz eta bestelako trenak ere ikusi izan diren. «Garai bateko tren eder haiek luxuzkoak bihurtu dira. Australian esaterako, Darwinetik Adelaidara doan trenak hiru eguneko bidaia egiten du eta bertan dokumental bat grabatzen izan ginen, desertu zentralean, baina luxuzko bidaia da eta ezin izan nuen tren hura hartu. Chepe trenean, Mexikon, bagenuen beste bidaia bat egitekoa, baina plana bertan behera geratu zen. Estatu Batuetako bi ertzak batzen dituzten trenak… Asko dira munduan! Indian ibili nintzen hartan leihorik ez zen, arroza landatu berritan zegoen eta dena berde-berde zegoen, zoragarri. Simaurra bota berria zuten, ordea, eta Mumbaiko aireportuan dotore-dotore jantzita nengoen arren, sekulako kaka usainarekin iritsi nintzen eta gaizki begiratu zidaten», azaldu digu umoretsu Asensiok.

Nork zor dio kafea?
Mikel Urdangarin izan dute kolaboratzaile ‘Kafe bat zor didazu’ kantuan : «Gure buruari egindako oparia izan da, Mikelek egin digun opari ederra. Ez da izan behartutako kolaborazioa izan, urte askotan Mikel Urdangarinen jarraitzailea izan naiz eta kantuak berak ere keinua egiten dio. Bals horretan Mikel bera ere identifikatu daitekeela uste dut, nire musikan eragin garbia izan duelako. Baiezkoa eman zigun eta gu pozarren». Kafearekin jokoa du kantuak, nahiz eta ez den propio egindakoa izan. «Kantuak Tolosako Izaskun auzoko festetan, behin Alaitz eta Maiderrek eman zuten kontzertu batekin du lotura eta amets bat horregatik aipatzen dut. Neska batekin dantza egin nahi nuen, ez genuen dantzarik egin ordea. Amona ere bertan irudikatzen dut, balkoian, eta keinu bat egin nahi izan diot hari ere», azaldu digu Asensiok.

Instrumentu asko jo ditu Iñigo Asensiok diskoan baina zuzenekoan gitarra akustikoaren aldeko apustua egingo du: «Diskoan pianoak, hammondak, shakerrak, mandolina, gitarra akustikoa, ahoko-soinua… jo ditut eta zuzenean denak jotzeak frontmanari kalte gehiago egiten diola uste dut mesede baino, hartara, Irenek aukeratuko du hammonda edota pianoa zer nahi duen jo kantu bakoitzean eta nik gitarra eta akordeoiarekin nahikoa izango dut». Mandolina ere hartu du ordea diskoan: «Akordeoia hartzea zen erronka nagusiena, zerbait izatekotan, akordeoi-jotzailea naizelako. Mandolinarekin aspalditik saltsan nabil eta demo horretatik salbatu dena izan dira akordeoi soloak eta mandolinarekin jotako tremolo horiek». Aipatu Michel Longarón izango dela bateria-jotzailea, Ander Zubillaga gitarrista, Juanjo Falcón baxuarekin eta Irene Lopez teklatuetan.

Duela urtebete aurkeztu zuten diskoaren lehen abestia, ‘Lekuak leku’ deiturikoa eta bertan udaberriaren zain itsasargiei begira egoten den pertsona bat irudikatu dute. Asensiori ea horrela maiz egon izan den galdetu diogu: «Ez naiz itsasargiei begira egotekoa, baina udaberriaren zain hilabeteak luze joaten zaizkit. Neguan eta udazkenean, goiz iluntzen duenez, oso pisutsuak egiten zaizkit egunak eta hori gainetik noiz kenduko zain egoten naiz. Urria-azaroan zorionez bidaiatzeko aprobetxatzen dut, kanpora bidaiatzeko, latitude desberdinetan egunak luzeagoak direla aprobetxatuz, Amerika latinoko herrialdeetara normalean. Egia da aurtengo neguan elurretan udaberri giroan grabatzen ibilia naizela, baina, Alpeak zoragarriak diren arren, argi faltagatik hemengo antzerakoa da sentsazioa eta ez nau asetzen».

Tronpeta jotzaile onak ditu inguruan, eta tronpeta doinuak txertatu ditu ‘Hotz emozionala’ eta ‘Portuan’ abestietan Postal Kolekzionistak taldeak. «Chet Bakerren Parisko zuzeneko hark malenkoniatik asko du, Bakerren bizitza horrela zelako. Baina hotz emozional horri giro goxoagoa ematen dio tronpetak eta horretarako deitu nion Ruben Salvadorri. Zortzi konpas nituen harentzat eta hori eskaini nion, nahi zuen soloa egiteko. Dotore egin zuen Rubenek». Nino Bravoren estiloko orkestrazioa ekarri digu burura bigarrenak, baina Asensiori bestelako erreferentziak etorri zaizkio burura: «Akaso ez da Nino Bravorena, beste norabait eramaten nauelako ni. Aitortu behar dut, hala ere, Bravo karaokeetako fetitxea dela niretzat. Baina orokorrean denok akorde eta harmonia antzekoetan gabiltzalako akaso ekarri dizu hori burura. Sting, Alejandro Sanz edota Franz Listz ez bazara behintzat, antzeko kantuak egiturak sortzen ditugulako guztiok ere. Kike Gonzalez, Ray Lamontagne edota Van Morrisonen kutsua dago abesti horretan niretzat, baina antzekotasunak edukiko ditu Nino Bravo edo Raphaelekin ere, Do-Fa-Sol horren bueltan gabiltzalako guztiak ere».

Abesti horretan bertan ‘Portuan’ kantuan alegia, «ez gara izan ginenak, baina ez gara besteek nahi zutena» esaten dute eta hausnarketa egin du Asensiok horren inguruan: «Ingeniari izan behar nuen eta horretarako bidean nindoan, gero akaso saltzaile izan behar nuen, baina kazetari bizitza aukeratu eta beste ogibide batean goiz batean irabaziko nukeena hilabetean irabazten bukatu nuen. Hori bai, nahi duguna egin dugu, bizi izan gara eta gure bidea egiteko erresistentzia puntu hori gordetzen du kantuak».

Etxe giroan ekoitzitako lana
Guztia ia etxean grabatu dute, «Anderrek kemperrarekin (gitarra anplifikadore digitala) grabatu du guztia bere aldetik eta Ireneren pianoak, berriz, nire etxean jack kableak soinu txartelean sartuta», Asensiok azaldu duenez. Baina Beñat Igerabide izan dute bidaide nahasketetan: «Beñatek sekulako lana egin du eta pazientzia handiz, gainera. Azken kantuaren ahotsa Suitzan nintzela, hotelean grabatuta, bidali nion eta larri-larri iritsi zen masterra bidali aurreko egunean. ‘Lekuak leku’ kantuan ekin genion bideari eta oso pozik nago diskoan egin duenarekin, ahotsak nola landu dituen eta zer soinu lortu duen ikusita».

‘Macondo’ kantua Gabriel García Marquezen ‘100 años de soledad’ liburutik sortzen da eta aspalditik zuen bueltaka Asensiok bere barruan: «Unibertsitate garaitik nuen buruan «Como Aureliano Buendía en frente del pelotón». Errealismo magiko hori gogoko dut eta beste lagun batek ere bai. Hark, ordea, emakume idazleengatik jaso du eta nik gizonezkoenengatik. Talka bat egon zen eta horrek ere izan du eraginik abestian». Diskoaren diseinuan tren bat ikusten da, angelu kontrapikatuan, zubi bat zeharkatzen eta zeru urdina hondoan ikusten dela. Laura Lizuma lagun letoniarrak egin die diskoaren azala eta Idoia Dávilak gainerakoa. Tartean, barruan poster bat egin du kantuen hitzekin halako mapa bat osatuaz, Macondo irudikatzen duena.

Datorren ostiralean, maiatzaren 14an aurkeztuko dute diskoa Leidor aretoan, Tolosan, eta aurrekoan baino lasaiago dago Iñigo Asensio. Horrela aurreikusten du etxean emango duen kontzertua: «Duela bi urte aurreko lana aurkezterakoan estres moduko bat bizi izan nuen, baina orain zertxobait ibiliagoa naiz eta pozik izango naiz bertan, ongi ezagutzen dudan aretoan. Gero, maiatzaren 18an, Katakraken Iruñean eta, 26an, Bilbon Bira aretoan izango gara. Segidan, bidaiatzea tokatzen zait eta Mexiko eta El Salvadorren izango naiz. Ondo bidean, Mexikon kontzertuak emateko asmoa badut eta bizpahiru emanaldi egitea espero dut. Itzultzean, ekainaren 19an, Berastegin ere izango da Postal Kolekzionistak taldearen kontzertua eta data berriak lotu nahian ere bagabiltza».

Udan Tokiora joango da okerrik ezean Iñigo Asensio, Olinpiar Jokoetako euskal atleten berri ematera. Bala-tren ospetsuan ibiltzeko aukera izango du, beraz. «Bala trena ez da oso erromantikoa egia esanda. Bestelako trenak nahiago eta lehen edo azken bagoia izateak ez du garrantzia askorik, baina trenak kafetegi-bagoia eduki dezala. Koadrilako batek behin ea trenean halako zenbat bagoi genituen galdetu zigun, poteoa egin asmoz. Bakoitza berera… Baina egoera oso politak sortzen dira kafetegi-bagoian eta momentu oso ederrak pasatakoa naiz haietan, jende helduagoarekin hizketan».

Halakoetan sortzen diren postalen bilduma jaso du eta ‘Bagoiak hutsak’ kontzertuetan jendez betetzea da Iñigo Asensio makinistaren nahia.