Gorka Hermosa:«Ez dago ezer unibertsalagorik munduaren aurrean zaren bezala agertzea baino»
'Fragilissimo' diskoa kaleratu berri du Gorka Hermosa akordeoilari eta konposatzaileak. Bertan 25 urtetan sortutako kantuetatik aukeratutako 11 pieza jaso ditu, akordeoi doinu hutsean, bertsiorik intimistenean. Diskoa aitzakiatzat hartuta musikari urretxuarraren ibilbidea errepasatu dugu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Istorio hau beste asko bezala hasten dela esan dezakegu, musikarekiko maitemin berezirik gabe gurasoek solfeo ikasketak egitera behartutako 8 urteko haurrarekin. 12 urterekin musika tresna bat aukeratzeko esan eta bere ametsetako arpak ametsetan jarraitu beharko zuela ulertu eta lagunari jarraituz berotasun handirik gabe akordeoia aukeratu zuen mutikoaren lehen tekla hotsekin. Istorio hau, beste asko bezala hasi zen, baina istorio hau ez da besteak bezalakoa. Horrela hasitako istorioak asko direlako bai, baina akordeoiaren munduan erreferente bilakatu, sari entzutetsuak irabazi, orkestra sinfonikoekin jo, edota bederatzi disko kaleratzera iritsi direnak, ez direlako asko. Gorka Hermosak idatzi du istorio hau, eta abiapuntu makal horretatik bide loriatsu honetarako bidean pasioa eta eguneroko gauza txikiekiko maitasuna izan dira gakoak.
Urretxuko musikariaren esanetan bere irakasleek izan dute horretan ardura:«Javi Ramos izan zen nire lehen irakaslea, izugarrizko pasioa transmititzen zuen, kontzertuetara eramaten gintuen leihaketetara... Ondorengo irakasleekin ere sekulako zortea izan dut, beti izan ditut irakasle bikainak».
17 urterekin zer izan nahi zuen galdetzean Gorka Hermosak ez zuen musikaria zian nahi, berak argi zuen akordeoi irakasle izan nahi zuela. Baita lortu ere, 20 urte daramatza Santanderreko kontserbatorioan irakasle lanetan. Eta lortutako lorpen guztietan, arlo honetatik etorri zaizkionak izan dira gehien hasebete dutenak:«Hamar urtez ikasle izan dituzunak, bere bidea nola ari diren gauzatzen ikusteak eta ze mailatako akordeoilariak egin diren baieztatzea bezalakorik ez dago ».
Musikari izatearena, kasualitate bat izan da musikari urretxuarraren esanetan:«batetik eta bestetik enkarguak jasotzen hasi nintzen eta konturatzerako nire konposizioak sona hartuz joan dira».
Bere bizitza akordeoiari dagokionez, etengabeko bilaketa lan bat izan da. Musika tresna bezala, akordeoiak muga asko baititu, musika mota oso konkretuetara lotu izan delako. Gorka Hermosak ordea, musika klasikoa jo nahi zuen akordeoiaz, konposiziorik aurkitzen ez eta bereak sortzeari ekin zion, hasiera lotsa apur batez, baina bere lanek zuten harrera beroari esker konfiantza hartuz joan da.
Bere musikaren esentzia bera da, bere bizitza bere sustraiak: «Ez dago ezer unibertsalagorik, zure sustraietara jo eta munduaren aurrean zaren bezala agertzea baino». Bere sorkuntzen oinarrian aurkituko ditugu besteak beste, punk, rock, euskal musika tradizionala edota gurasoen sorterriko, Espainia hegoaldeko doinuen zertzeladak. Sorkuntza introspekzio lan batetik abiatzen zelako Gorka Hermosarentzat, eta musika komunikaziorako tresna: «Komunikatu nahi baduzu ezinbestekoa da kontatzeko zerbait esanguratsua izatea».
Interprete bezala, azken urteetan bere konposizioak jotzen ditu, erosago, askeago sentitzen da bere lanak moldatzerakoan, klasikoek badituztelako berekin betebeharreko kanon batzuk: «Norbere lanekin beste lizentzia batzuk har ditzake».
'Fragilissimo' diskoa pandemia garaian grabatu du. Egoerak hala bideratuta, bakarrik eta etxean egin du grabaketa, gazte garaian bakarka pasatako entsegu ordu andanak gogoan hartuta. Gozatu egin du horretan ere. Emaitza intimista bezain hunkigarria da, soila eta betea aldi berean, 25 urte laburbiltzen dituzten 11 konposizioz osatua: «17 urterekin idatzi nuen 'Gernika' pieza, eta 'Alabei' izenekoa aldiz ihaz idatzitakoa da».
Zuzeneko batzuk ere baditu aurreikusita Gorka Hermosak, Santo Domingo de la Calzadako katedralean maiatzean esate batera, eta uztaila hasieran Bratislavan izango da, bertako kontserbatorioan eskainiko du emanaldia.