IRRATIA

Markel Sanchez (Durangoko Erabaki): «Horrelako proiektuez herritarrek erabaki behar dute»

Trena lurperatu eta hutsik geratu zen eremuan 18 solairuko bost eraikineko proiektua geldiarazi edo ez erabakiko dute igandean durangarrek. Herritarrek parte hartzea «ezinbestekoa» dela uste du Erabaki plataformak, horrelako proiektu batek herria «baldintzatuko» duelako.

Igandean galdeketa dute Durangon

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Igandean 24.700 durangarrek PERI 1 proiektua babestu edo geldiarazi erabakitzeko aukera izango dute. Dena dago prest, 51 bolondres eta zazpi udal langile arituko dena ongi joan dadin.

Durangon duela hiru urte sortu zuten Erabaki plataforma eta herritarrei 18 pisuko bost dorre eraiki edo herri erdiko lur horietan beste zerbait egiteko galdetzea zuten xedea. Lortu dute helburua, eta Markel Sanchezek esan duenez, «gogotsu eta ilusionatuta» daude igandeko galdeketaren aurrean.

Duela hamarkada bat trenbidea lurperatu ondoren, Durango erdian zegoen lurzoru haundi bat hutsik geratu zen. Lakuako Gobernuak, Eusko Trenbide Sarearen bidez (ETS), 18 solairuko altuerako bost dorre eraikitzea proiektatu zuen. ETStik zioten trenaren lurperatzearen gastuei aurre egiteko zela eraikuntza hura. Duela hiru arte geldirik egon zen proiektua, baina eraikitzen hasteko asmoa azaldu zuen Durangoko Udalak.

Herriaren etorkizuna «baldintzatuko» duen proiektua dela uste du Sanchezek eta herritarrek erabaki behar dutela etxebizitzak egin edo proiektu alternatibo bat eraiki. Durango erdigunean horrelako etxebizitza altuak egiteak eragin ikaragarria duela uste du. Hortaz, arnasgune bat eraiki edo beste proiekturen bat gauzatu nahi bada herritarren iritzia «ezinbestekoa» dela uste du.

Udalak konpromisoa du galdeketaren emaitza aurrera eramango duela. «Proiektua bertan behera geratzen bada, beste zerbait egin beharko du udalak eta prozesu parte hartzaile bat martxan jartzen badu laguntzeko prest gaude», esan du.