Iñigo Llopis Basque Teameko igerilariak Tokioko Jokoetarako txartela lortu du
Iñigo Llopis Basque Teameko kirolariak Tokioko Jokoetarako txartela lortu du, bigarrenez gutxieneko marka eginda, oraingoan Bartzelona Hiria Sariaren 100 metroko bizkar estiloan. NAIZ irratian izan dugu donostiarra eta «oso pozik» agertu da lortutakoarekin.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Tokioko Jokoetarako txartela lortu du Iñigo Llopis Basque Teameko igerilariak. Oraingoan, Bartzelona Hiria Sariaren 100 metroko bizkar estiloan lortu du marka. 22 urte besterik ez ditu donostiarrak eta bere bigarren Jokoak izango dira Tokiokoak. NAIZ irratian izan dugu Llopis eta lortutakoarekin «oso pozik» dagoela adierazi du.
Bartzelonakoari begira, «sentsazio onak» izan zituela azaldu du Llopisek, gutxieneko marka lehengo urtean lortu zuen, baina orain hau berrestea lortuta «sekulako poza eta lasaitasuna» ematen diola baieztatu du. «Urte zaila» izan dela gaineratu du donostiarrak, «ezjakintasun askoko hilabeteak izan dira eta asko sufritu dugu», baina orain Jokoetarako txartela lortuta oso pozik agertu da igerilaria. Urte zail honetan, «batez ere hasiera» egin zitzaiola zailena aitortu du Llopisek, baina orokorrean ondo eraman duela.
Iñigo Llopisen bigarren Jokoak izango dira Tokiokoak, 2016an, 17 urterekin, Rion izan ostean. Oraingoan, helburua bere buruari «gehiago exijitzea» izango dela azaldu du donostiarrak, emaitza hobeak lortzeko asmotan. «Dominen lehian» egon nahi du Basque Teameko kirolariak.