IRRATIA

Artea euskarari buruz eta euskaraz

Euskal artea euskaraz zergatik ez? Eta zergatik ez euskararen inguruko euskal artea? Bi galdera hauek abiapuntutzat hartuta osatu du Gasteizko Oihaneder Euskararen etxeak 'Hiruerreketa, euskararen arte-urak' erakusketa. Antolatzaileak eta protagonistak izan ditugu kultur tartean.

Hiruerreketa erakusketa

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Euskal artea euskaraz eta euskarari buruz egin daitekeela, egiten dela erakutsi nahi izan du Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak. Gogo horren emaitza da 'Hiruerreketa, euskararen arte-urak' izeneko erakusketa hirukoitza.

Euskaraz eta euskarai buruz hausnarketan ari diren hiru euskal sortzaileren lanak ikus ditzakegu otsailaren 28a bitarte Montehermoso kulturunean:

Zaloa Ipiñaren 'Gorreri bisuala'   da bata. Proiektu honetan euskara gaur egungo minorizazio egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoei buruzko irakurketa bisualak egiten ditu Zaloa Ipiñak, eta baita hizkuntzak heriotzara eraman ditzaketen aspektu sozial eta soziolinguistikoei buruzkoak ere.

Zirika, Alfredo Hernandezen 'Hitz birziklatuak' da bigarren proposamena.  Hitz birtziklatuz osatutako poemario bisual bat ekarri du Zirikak.  Gai sozialak ardatz nagusi hartuta, baina umoreari ere tarte eginez.

Bigararen (Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia) 'Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia' da hirugarren eta azken proposamena. Erakusketak irudi eta testuekin jolas eginez, 101 animalien izenak ditu oinarri: aberearen izena eta alderantziz testu ispilu palindromikoa osatuz izenburu moduan.

Kultur tartean erakusketa irudikatzeko aukera izan dugu Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria, eta Zaloa Ipiña, Alfredo Hernandez, eta Itziar Aranburu artisten laguntzaz.