IRRATIA

Irati Jimenez: «Cortazarren itzala euskal literaturan itzela da»

Julio Cortazarren lanak euskal literaturan izan duen eragina handia da. Emaitzak batu nahi ditu Deabruaren eskolak, eta Juan March Fundazioaren Julio Cortazar Liburutegia osatu nahi da jasotako lanekin.

Julio Cortazar

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


26 hizkuntzatan idatzitako 3.000tik gora alek osatzen dute Juan March Fundaziaoren Julio Cortazar Liburutegia, horietatik bi baino ez dira euskaraz idatzitakoak. Zifra hori ordea, ez da inondik inora ere Cortazarren euskal literaturgintzan izan duen eraginaren islada. Eta horri erremedioa jartzera dator Deabruaren Eskolako proposamena, Irati Jimenez, eskolako sortzailearen hitzetan: Cortazarrekin zerikusia duten euskarazko lanen eta euskal egileen lanen ahalik eta zerrenda zabalena osatu nahi dute, ondoren zerrenda horretako liburuak fundazioaren eskuetan jartzeko.

Julio Cortazar Liburutegiaren parte diren euskarazko bi liburuak  1992an Gerardo Markuletak itzulitako eta Ibaizabalek argitaratutako ‘Oktaedroa’ eta 1994an Markuletak berak itzulitako eta Ereinek argitaratutako ‘Hegoaldeko autobidea’, Cortazarren ‘Octaedro’ eta ‘La autopista del Sur’ lanen itzulpenak dira. Baina Deabruaren Eskolako deialdia zabaltzeaz bat hasi dira agertzen ezkutuan ziren harribitxiak: Mikel Lasak 1972an idatzi zuen 'Nobela berria Hego Ameriketan' saiakeran adibidez bada Cortazarri eskeinitako atal oso bat.

«Cortazar zaleen errepublika zabala da» Irati Jimenezen esanetan, eta altxor berriak topatuko dituzten zalantzarik ez du: poesia, ipuinak, saiakerak, eleberriak...idazle argentinarraren eragina duten pieza guztiak jaso nahi dituzte, zerrenda ahalik eta zabalena osatu eta gero Juan March Fundazioari eskeintzeko.

Zerrenda hau osatzeko materiala izanez gero Deabruaren Eskolarekin harremanetan jartzea nahikoa da bere webgunearen bitartez edota gizarte sareen bitartez.