Emakumezkoen Txuri-Urdin izotz hockey taldea play-offetarako sailkatuta
Emakumezkoen Txuri-Urdin Izotz Hockey Taldea Iberdrola Ligako tituluaren lehian izango da, play-offetarako sailkatu baitira. NAIZ irratian izan dugu Alex Lazkano Txuri-Urdin IHTko entrenatzailea.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Liga erregularra amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Txuri-Urdin Izotz Hockey Taldea play-offetarako sailkatu da dagoeneko. Honela, Iberdrola Ligako titulua lortzeko lehian izango dira donostiarrak. NAIZ irratian izan dugu Alex Lazkano Txuri-Urdin IHTko entrenatzailea eta lortutakoarekin «oso pozik» dagoela aitortu du.
Lazkanok azaldu du azkenaldian «dinamika oso onean» daudela. Oraintxe bigarren postuan dira sailkapenean liga erregularra amaitzeko bi partiduren faltan, behin partida hauek jokatuta play-offa jokatzeko unea izango da. «Lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren aurka», azaldu du Txuri-Urdin IHTko entrenatzaileak.
Bestetik, kanporaketak normalean hiru partidetara jokatzen direla adierazi du Lazkanok, baina aurten pandemia dela eta, bi partidetara jokatuko dela. «Bi partidak lehenengo eta bigarren sailkatuaren etxean jokatuko dira», gaineratu du. Liga irabaztea zaila dela aitortu du, baina saiatu behintzat saiatuko direla.