IRRATIA

Mitxel Lakuntza (ELAko idazkari nagusia): «Pandemiak zaintzaren krisia sakondu du, besterik ez»

Zaintza sektoreko langileek greba egin eta biharamunean izan da Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Informazioaren Harian. Pandemiaren astindua jasotzen ari diren arren, bereziki erresidentzietan, erakundeen aldetik langileen baldintzak hobetzeko keinurik ez dela izan gaitzetsi du Lakuntzak.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia. (NAIZ)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Astearteko mobilizazioetan salatutakoa berretsi du Lakuntzak: «eredu pribatua, huts egiten duen eredua da». EAEko erresidentzietako langileek pairatzen dituzten baldintza kaskarrak mahai gainean jarri ditu beste behin ere ELAko buruak, gogoraraziz Gipuzkoan 260 greba egun baino gehiago egin dituztela, eta Foru Aldundiak keinu bakar bat ere ez duela egin. Zentzu horretan, Lakuntza aldundiari zuzendu zaio esku hartu dezan. Izan ere, Markel Olano Ahaldun Nagusiak dioenaren arabera, erresidentzietako krisia «enpresa eta langileen arteko auzia da», aintzat hartu gabe, Lakuntzak dioen bezala, erresidentzia guztien finantzaketaren %80 diru publikoarekin egiten dela. «Bide bakarra baliabide gehiago jartzea da», Lakuntzaren esanetan, hori baita zaintza duintzeko modu bakarra.

Santa Marina eta Basurtu ospitaleetako kargudun ohiek modu irregularrean hartutako txertoen inguruan, ardurak argitzearen alde agertu da. «Egiaztatzen bada gertatutakoaz jakitun zela, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak dimisioa eman beharko lukeela uste dugu», adierazi du Lakuntzak. Fokua bi pertsonen gainean jarri den arren, txertaketa irregularra «noraino heldu den» ikertzea beharrezkotzat jo du, eta halako gertakariak Lakuak osasun publikoan egin duen «kudeaketa txarrarekin» lotu ditu.

Kudeaketa txar horren eredu, Osakidetzan nagusi den behin-behinekotasuna aipatu du Lakuntzak, «badira 30 urte behin-behinekotasunean eman dituzten langileak».